Koronabirusa zuen beste adineko bat hil da Santa Anan

Zarauzko Hitza 2020ko api. 1a, 09:35

Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako datuen arabera, 107 dira Gipuzkoako adinekoen egoitzetan birusak erasandako egoiliarrak. 65 egoitzetatik 11tan daude gaixoak.

Aldundiak jakinarazi duenez, koronabirusa zuten hiru pertsona hil dira azken 24 orduetan Gipuzkoako adinekoen egoitzetan; horietako bat, Santa Ana egoitzan. Beraz, horrekin, bi dira, gutxienez, Zarauzko adinekoen egoitzan COVID-19 gaitzak erasanda zendutako egoiliarrak.

Eider Mendoza aldundiko bozeramaileak azaldutako datuen arabera, 107 dira, guztira, egoitzetan dauden koronabirusak jotako adinekoak, Gipuzkoa osoan. Azken 24 orduetan 12 pertsona gehiagok eman dute positibo, datuek diotenez. Bozeramaileak gogorarazi du adineko pertsonak bereziki zaurgarriak direla birusaren aurrean. Hori dela eta, "ahalegin berezia" ari dira egiten adinekoen egoitzetako inor ez kutsatzeko eta, dagoeneko kutsatuak dauden kasuetan, birusa gehiago ez hedatzeko. Hala gehitu du Mendozak: "Egoera honen zailtasunaz oso kontziente gara eta horregatik, beste behin, eskerrak eman nahi dizkiegu langileei egoitzetan egiten ari diren lan guztiagatik. Familiei ere gure laguntza eta elkartasuna adierazi nahi dizkiegu, hain gogorrak diren une hauetan, euren lankidetza eta ulermenagatik".

791.000 euro gehiago

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur goizean bertan onartu du 791.000 euroko diru partida bideratzea koronabirusaren hedapenaren aurkako Txoke Plana indartzeko. Bozeramaileak gogorarazi duenez, hainbat neurri zehaztu dituzte: arreta psikosoziala indartzea–900-43 43 43 telefonora deituta eskura daiteke–, babes materiala erostea, garbiketa eta desinfekzioa indartzea...

Bestalde, Mendozak gogorarazi du martxan dela Gureak-ekin lankidetzan abiarazitako arropa garbiketa zerbitzua, baita lurraldeko egoitza zentroen eskaeretara moldatuko den sukalde zerbitzua ere. Bozeramailearen arabera, egun 76 menu banatzen ari dira lurraldeko bi zentrotan; horietako bat da Zestoako San Juan egoitza. Hain zuzen, itxialdia hasi dute hango langileek aste honetan.