Beste hildako bat baieztatu dute Santa Ana egoitzan

Zarauzko hitza 2020ko api. 8a, 19:34

Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako datuen arabera, beste egoiliar bat hil da Santa Ana egoitzan. Guztira, zazpi dira gaur arte egoitza horretan hildakoak.

Azken orduetan Zarauzko Santa Ana egoitzan beste egoiliar bat zendu dela baieztatu dute. Koronabirusaren krisialdia hasi zenetik, zazpi dira gaur arte egoitza horretan hil diren adinekoak. Eider Mendoza foru bozeramaileak Gipuzkoako datuen berri ere eman du: guztira, 51 heriotza eta 279 kasu positibo atzeman dira lurraldeko adineko pertsonen egoitzetan. 

Bestetik, "lurraldeko zentroak laguntzeko eta lankidetzarako" ostatu sistema bat egokitu dutela azaldu Mendozak, zentroetako profesionalei zuzenduta. Baliabide horiek erabili ahal izango dituzte beren etxeetara itzuli nahi ez duten profesionalek, edota mugikortasun-murrizketak direla eta, etxetik lantokira joateko zailtasunak dituztenek. Txoke Planaren barruan hartu dute neurri hori, gizarte zerbitzuen arloan sortutako egoerei modu "estrategiko eta koordinatuan" aurre egiteko. Foru bozeramaileak nabarmendu du gainontzeko erakundeekin eta lurraldeko gizarte eragileekin batera hartu dutela neurria. 

Gipuzkoako Foru Aldundiak ahalbidetutako info.gizartepolitikak@gipuzkoa.eus helbidea erabili ahal izango dute interesa duten pertsonek. Ostatuen eskaintza Osasun Ministerioak horretarako homologatutako EAOn publikatutako ostatuetatik 14 erabiliko dituzte. Donostian Pensión Legazpi, Atotxa Rooms, Hotel Distrito Oeste eta Irenaz Apartamentos; Zarautzen Museum Zarautz Apartamentuak eta Lazkano-Enea; Elgetan Casa Rural Eguskitza; Eskoriatzan Gorosarri Landetxea; Getarian Pensión Iribar; Hernanin Arrobi Ostatua; Lezon Casa Rural Endara; Mutrikun Casa Rural Pikua; Oñatin Hotel Torre Zumeltzegi; eta Usurbilen Hotel Atxaga Jauregia.