Krisiak kolpatutako jendearen testigantzak biltzen ari da Danda

Zarauzko Hitza 2020ko api. 13a, 10:21

COVID-19ak eragindako krisiaren ertzak lantzeko podcastak argitaratzen dituzte asteazken eta larunbatetan Danda Gazte Asanbladako kideek. Beren bizipenak zabaltzeko deia egin diete egoeragatik kolpatuak izan direnei.

Ondoko mezua zabaldu du sare sozialen bidez Danda Gazte Asanbladak, herritarrei beren podcastean parte hartzeko gonbidapena luzatzen:

"Lanpostuan bidegabekeriaren bat jasan duzu? Alokairua ordaintzeko arazoak dauzkazu? Poliziaren errepresioa jasan duzu? Egoera orokorra okertu zaizu?"

Halako egoeretan daudenen ahotsa uhinen bidez zabaltzea da Leihotik At! Podcasten helburuetako bat eta, horretarako, testigantzak emateko prest daudenak 688 81 77 86 telefono zenbakira edo danda.gazte@gmail.com helbide elektronikora idaztera gonbidatu dituzte.

Hain zuzen, larunbatean argitaratu zuten Leihotik At! Podcastaren bosgarren saioa: 'Lau hormaren artean'. Hemen klikatuta entzun daiteke. Aurrerantzean ere, asteazkenetan eta larunbatetan izango dira entzungai podcastak, sareko plataformetan zein Arraio Irratian, FM-ko 99.3an, 21:00etan.