Bertso-sorta: 'Koronabirusak gizakiari gutuna'

Inaxio Uria 'Isasti' 2020ko api. 13a, 11:02

Koronabirusaren azalean jarrita, gizakiei mezua igorri die bertso sorta berrian, Inaxio Uria Isastik. Oraingoan, Martxa baten lehen notak doinuan ondu ditu bertsoak.

1-
Ezer baino lehen jaso nahi nuke
zuengandik barkamena
Aurrez oharrik bidali gabe
egin baitut agerpena
Erabakiaren zergatiaz
emango dut azalpena
Zuen bizibideak egin du
nabari atzerapena
Etengabeko indarkeria
Zinez jarrera zekena
Bekaizkeria, bortxa ta guda
Mingots jartzen dit barrena
Portaera horren ondorioz
sortuz nigan etsipena
Norabidea alda ezean
kaosa da datorrena


2-
Botere oro dirudun batzuk
dute beraien eskura
Enpresa erraldoi ta Bankoak
Hedabideei jarriz muga
Ta milioikada biztanleeri
murriztuz elikadura
Egoera hau ikusirikan
nagusitzen da tristura
Neurri xumean izanda ere
zuengain dago ardura
Ez erabili aitzaki gisa
gaur hau eta bihar hura
Gauza garrantzitsuak saihestuz
Dena faltsua,itxura
Zuen jiteak sortzen dit sarri
nazka eta nekadura

3-
Birusa naiz ta jakin zazute
Orain noa oinarrira
Zerk bultza ote nau egitera
nik munduan zehar bira?
Nire asmoa zen zigortzea
izua sortuz neurrira
baina kaltea ugaritu da
Agian gehiegi, tira
Egoera hau baretu ahala
jarri aurrera begira
Azken boladan ohitu zarete
egunoroko berrira
Harremanak lasai eta hurbil
Zenbat urte ote dira?
Era horretan berreskuratuz
lehen izan zuen distira

4-
Nekez bada ere etorriko da
kontu honen amaiera
Zuek ospatzen hasi aurretik
joango naiz ni erbestera
Beraz azterketa sakon batez
ondorioak atera
eta lehenbailehen ahaztu ta utzi
ohitura txarrak atzera
Orain beharturikan zaudete
denak baikor izatera
elkarbizitza landu ta gero
gai horretaz gozatzera
Harremanak sendotu ondoren
hor urratsak ematera
Baturik abiatuz gizarte
orekatuago batera