Irailean izango da, printzipioz, Zarauzko Triatloia

Zarauzko Hitza 2020ko api. 13a, 12:33

Ekainaren 10erako data berririk adostu ezean, 2021era atzeratuko dute Zarauzko 34. Triatloia.

Izatez ekainaren 13an egitekoak baziren ere, herriko triatletentzat hitzordu garrantzitsuena denaren data berria adostu nahian dabiltza egunotan Zarauzko Triatloiko antolatzaileak eta, jakinarazi dutenaren arabera, proba irailean egiteko asmoa dute.

Izena emanda zuten baina dagoeneko lehian parte hartzeko asmorik ez duten kirolariei ordaindutako diru kopurua osorik itzuliko diete, apirilaren 13tik 26ra bitartean edo data berria iragarri eta hurrengo hamar egunetan. Hain zuzen, kirol proba irailean egingo denaren erabaki irmoa ekainaren 10ean hartuko dute, izatekotan. Egun horretarako data berririk adostu ezean, 2021eta atzeratuko dute Zarauzko 34. Triatloia. Zerrendatik baja ematen duten kirolariek aukera galduko dute Zarauzko 34. Triatloian parte hartzeko eta, bajarik ematen ez dutenek, irailerako datarik lotu ezean, 2021eko ediziorako dortsala ziurtatuta izango dute.

Azkenik, barkamena eskatu dute antolatzaileek sortutako eragozpenengatik.