Greba digitala

Yoseba Peña: "Euskal kultura da Euskal Herriko zutabe nagusietako bat"

Izaro Altzibar 2020ko api. 15a, 17:40

Yoseba Peña idazlea. (Gari Berasaluze)

Idazlea eta Literaturiako antolatzailetako bat da Zarauzko bizilagun Yoseba Peña. Bera ere Greba Digitalaren egitasmoa sinatu duen eragileetako bat izan da.

«Egoera honetan ni pribilegiatua naiz, sortzaile amateurra bainaiz, eta irakaskuntza da nire ogibidea. Iruditzen zait egoera honek oso agerian utzi duela euskal kulturaren egoera. Koronabirusaren krisia etorri da eta autoritateek gutaz paso egin dute. Moldatzeko esan digute kultura sortzaileoi. Nik uste dut arazoa dela euskal kultura subalternoa bezala ikusten dela, ez dela garrantzitsua, alegia. Herrikide askorentzat euskal kultura euskaldunon identitatearen zutabe garrantzitsua da, eta politikarientzat, berriz, hutsaren hurrengoa».

«Euskal kulturaz bizi diren gutxi horiek sekulako arazoak izango dituzte hemendik aurrera. Bertsolari batentzat, adibidez, bi hilabetez diru sarrerarik ez izatea sekulakoa da. Berdina gertatzen da libururik saldu ez duen idazlearekin. Orain, hainbatek liburu gomendioak edo bideoak egiteko eskatu digute sortzaileoi. Aktoreek obrak egin dituzte modu telematikoan, esaterako. Dirurik kobratu gabe egin dugu gehienetan, egoera honetan gure papera gizartea entretenitzea dela ulertuz eta jendea lagunduz».

«Grebaren harira, idatzi bat zabaldu da. Paradigma aldatzeko ordua dela azaltzen du idazkiak. Ulertu behar da euskal kultura dela Euskal Herriko zutabe nagusietako bat, eta euskal kultura gabe ez dagoela Euskal Herririk. Ez Euskal Herri euskaldunik behintzat. Ez badugu gure kultura babesten, Euskal Herri espainola izango da. Okerragoa edo hobea, baina norberak pentsatu behar du hori nahi duen. Guk babes handiagoa eskatzen dugu politikariengandik eta autoritateengandik. Eusko Jaurlaritzari erantsi zitzaion idatzi bat egoera planteatzen. Hausnarketa kolektibo bat egin zen sortzaile askoren artean, koronabirusaren krisiaren eragina aztertzeko. Nire kasuan, adibidez Loraldiko emanaldi polit bat genuen programatuta eta bertan behera gelditu zen. Aurrerago egingo dela uste dugu, baina ikusteke dago".

"Ikusita zein trikimailu eta zein tranpa zikin ari diren erabiltzen zenbait industria eta jarduera babesteko, eta haien laguntzak bermatzeko, guk ere horrelako tratu bat eskatzen dugu kultura sortzaileontzat. Gure ekarpena funtsezkoa baita Euskal Herriarentzat."

"Horrelako greba batean uste dut garrantzitsua dela Gorka Urbizu edo Harkaitz Canok parte hartzea, baina baita hirugarren lerroan gaudenok ere. Trinkotasunak ematen baitu neurria. Ia 300 eragilek egin dugu bat greba deialdiarekin eta jende gehiago batuko dela uste dut, gainera. Kontuan izanik , whatsapp eta email bitartez antolatu dela guztia, oihartzun handia izaten ari da".