Gallo: "Hain gaizki pasatu eta gero, bizitzeko gogo handiagoa duzu"

Mikel OrbaƱanos Iribar - Berria.eus 2020ko api. 19a, 12:46

Aitor Frantzesena 'Gallo' olatu gainean. (BAT Basque Team)
Koronabirusak jota, gorriak ikusi ditu Aitor Frantzesena 'Gallo'-k. Egunez egun indarberrituz doa, eta Munduko Txapelketan bigarrenez lortutako garaipenaz gozatzen ere hasi da dagoeneko. 2024ko Parisko Paralinpiar Jokoak ditu begiz joak.

Garai oso laburrean txanponaren bi aldeak bizitzea suertatu zaio Aitor Frantzesena Gallo surflariari (Zarautz, Gipuzkoa, 1970). Martxoaren 14an Munduko Surf Egokituko Txapelketa irabazi zuen bigarrenez, itsuen kategorian, La Jolla hondartzan (Kalifornia, AEBak). Pozak, ordea, nahi baino gutxiago iraun zion, etxera bueltan koronabirusa izan baitzuen. Momentu «gogorrak eta latzak» izan dituen arren, adorerik eta kemenik ez zaio falta izan egoera gainditzeko.

Zer moduz zaude?
Zezena bezain indartsu nago. Kamioi bat nire aurrean egongo balitz, irauli egingo nuke [barrez]. Oso ondo sentitzen naiz, eta horrek izugarrizko poza ematen dit. Hain gaizki pasatu eta gero, bizitzeko gogo handiagoa izaten duzu.

Kaliforniatik etxerako bidean hasi zen amets gaiztoa. Nola oroitzen duzu?
Susmoa daukat Kaliforniara joan aurretik Madrilgo aireportuan kutsatu nintzela. Itzulerako hegazkina Kanadatik hartu behar genuen, eta, aireportuan geundela, bat-batean hezurretaraino izugarrizko hotzikara sartu zitzaidan. Sukarra ere altua nuen. Ibuprofeno bat hartu, eta horrela itzuli nintzen etxera.

Etxera iritsi, eta neurriak berehala hartu al zenituen?
Uxue alabari esan nion badaezpada ez etortzeko etxera, gaixo nengoelako. Unerik okerrenak 04:00etatik 08:00ak arte izaten ziren, sukarra orduan izaten bainuen altuen. Horrez gain, beherakoa eta gorputzeko mina nituen. Zazpi egun eman nituen horrela, lorik egin gabe. Egoera horretan, Zarauzko anbulatoriora hainbatetan deitu nuen.

Eta zer esaten zizuten?
Bakarrik telefono bidezko arreta eman zezaketela. Anbulatorioaren aldamenean bizi, itsua izan eta gorputzeko tenperatura hartzeko gai ez izan arren, ez zen inor etorri. Amorrua eragin zidan horrek.

Zure arrebaren bitartez, beste bide bat hartu zenuen ondoren, ezta?
Sukarrarekin hamabi egun neramatzala, Gipuzkoako Poliklinikara deitu, eta ospitaleratu egin ninduten. Analisietan positibo eman nuen. Han nengoela, medikuari galdetu nion: «Hemendik aterako al naiz?», eta hark baiezkoa esan zidan, bularrean bi kolpetxo emanez: «Ez zara inora joango, lasai». Bost egun pasatu nituen ospitaleratuta. Oso ondo artatu ninduten.

Une hartan edozer igaroko zitzaizun burutik, ezta?
Hain gaizki nengoen, ez bainekien handik aterako nintzen. Ezjakintasun eta ziurgabetasun horrek beldurra ematen zidan. Alabaz gogoratzen nintzen, lagunez, lanaz... Tristea izango zen nire bizitza horrela amaitzea. Bizitzako unerik okerrena izan zen.

Osatu ostean, alabarekin eta senideekin egoteko aukera izan al duzu?
AEBetara martxoaren 5ean joan nintzen, eta ordutik ez naiz haiekin elkartu; telefonoz bakarrik. Denbora igaro da, baina neurriak hartu behar dira. Nire arrebek eta koinatuek etxeko atarian uzten didate janaria. Asko eskertzen diet, benetan. Ea hilabete honen amaieran haiekin egoteko aukera dudan.

Halere, egin duzun balentria inork ez dizu kenduko. Bigarrenez munduko txapeldun izatea lortu duzu. Bada zerbait, ezta?
Zoriontsu eta harro sentitzen naiz lortutakoaz. Azken batean, babesleak ditut, eta asko laguntzen naute. Horregatik, urte osoan jasotakoa nolabait haiei itzuli nahi nien, zerekin eta munduko urrezko dominarekin. Garaipen honekin, esker ona adierazi nahi diet BAT Basque Team-i, Kirolgiri, Pukasi... eta beste hainbat babesleri.

Lehiaketako une gogoangarririk baduzu?
Finalaren amaieraren klaxona entzun nuenekoa. Gorputzean nuen indar guztia hustu nuen, pozaren pozez.

Txapelketa irabazteko presiorik sentitu zenuen?
Beti daukazu presioa. Lau urte ziren ez nuela Munduko Txapelketa irabazten. 2017an eta 2018an hirugarren eta laugarren postuan amaitu nuen, hurrenez hurren. Munduko lehena izatea, ordea, bat eta bakarra da. Gainera, lorpen horrek balio erantsia du desgaitasunen bat dugun kirolariontzat: erronka lortzeko egunero prestatzeak bizipoz izugarria ematen dit.

Azken urteetan, Nazioarteko Surf Elkarteari behin baino gehiagotan eskatu zenion Munduko Txapelketan kategoriak ongi bereizteko. Azkenean entzun zaituzte.
Aurreko urteetan, erabat itsuak garenak eta zerbait ikusten dutenak batera lehiatzen ginen. Ez zen bidezkoa hori. Nazioarteko Surf Elkarteari eskaera egin nion kategoriak behar bezala mugatzeko. Garbi esan nien: "Surfean aritzeko kalitatea hobetu dezaket; ikusmena ez, ordea". Zorionez, eskaera onartu zuten, eta egoera horretan ikusi da olatuetan nor ibiltzen den ondoen.

Elkarrizketa osorik irakurtzeko: Berria.eus