"Kulturgileen grebarekin elkartasunez, Arraio Irratiak ere greba egingo dugu, baina gure erara"

Zarauzko Hitza 2020ko api. 22a, 10:09

Arraio Irratiak bat egin du milaka euskal kulturgilek atzorako eta gaurko deitutako greba digitalarekin, eta ondorengo oharra helarazi du.

"Apirilaren 21 eta 22an internet bidez kultur edukirik ez partekatzeko deia egin dute euskal kulturgintzako 700 pertsona baino gehiagok. Deialdian dioten moduan egoera prekarioan bizi dira euskal kulturgileak, hau baita sistema kapitalistaren ezaugarri ezinbestekoa, prekarietatea. Kulturgile eta sortzaileak bezala, soinu edo argi teknikariak, makilatzaileak edo ile apaintzaileak, ekitaldien programatzaileak… finean oholtzaren edo pantailaren atzean daudenak ere egoera prekarioan bizi dira, baita beste ia guztiok ere, zapaldu edo esplotatuak garen neurrian. Horrexegatik bat egingo dugu greba digital honekin, geure elkartasuna adierazi nahi diegulako, kasu honetan, prekarietatean bizi diren euskal kulturgintzako kideei.

Arraio Irratiaren FMko seinale askea (FMko 99.3a) ez da digitala, analogikoa baizik, baina hala eta guzti, ez dugu deialdi honetatik kanpo geratu nahi izan. Bi egun hauetan gogoeta eta eztabaida soziala piztu nahi dute grebaren deitzaileek eta horretan gure hondar aletxoa jartze aldera, bi egun hauetan gure programazioan aldaketak egingo ditugu. Alde batetik ez dugu internet bidez emitituko, zuzeneko irratsaiorik ez dugu egingo eta gure hari musikala ere isildu egingo dugu, eta bestetik Arraio Irratiaren 14 urteetako ibilbide oparo honetan grabatu ditugun hainbat ekitaldi, hitzaldi, irratsaio berezi eta abar eskainiko ditugu, grebaren jarraipena egingo duten Hala Bedi irratiko Hizpidea eta Suelta la olla, zein Arrosa irrati sareko Zebrabidea irratsaioekin batera. Azpian dituzue bi egun hauetarako programatu dugunaren xehetasunak.

Beti sinetsi izan dugu kultura herritik eta herriarentzat sortzen dela eta ez manager, promotora edo enpresa-instituzio ezberdinek dirua irabazteko. Arraio irratiak geure mikrofonoak eskaini izan dizkiegu hamaika artista ezberdinei, horietako asko medio handiagoetan isilaraziak edo ikusezin bilakatu direnak. Aldi berean, geure 14 urteko bizitzan ere mota guztietako beste hamaika kultur ekitaldi antolatu ditugu, pertsona askoren borondatezko lan konprometituz aurrera atera direnak.

Kultura negozio izan ez dadin, Arraio Irratiak ere greba egingo du apirilaren 21 eta 22an, baina geure erara!"