Zarautzen kutsatu berririk ez, bigarren egunez jarraian

Zarauzko Hitza 2020ko api. 22a, 13:27

Azken bi egunetan ez dute koronabirus kasu berririk atzeman Zarautzen, ezta Urola Kostako gainontzeko herrietan ere. Atzo izan zen COVID-19az gaixotutako kutsatu berririk topatu ez zuten lehen eguna, eta joerak berdin jarraitu du hurrengo 24 orduetan.

Oraindik ondoriorik ateratzeko goiz bada ere, badirudi gaixotasunaren hedapena apaltzen doala, eskualdean, bederen. Bigarren egunez jarraian, ez dute koronabirus kasu berririk atzeman Urola Kostan. Zenbaketekin hasi zirenetik ez da halako berri onik izan.

Hala, bezperako datuak mantentzen dira. Eskualdean 211 kasu positibo metatu dira. Horietatik 112 Zarautzen zenbatu dira, 47 Zumaian, hamasei Orion, hamalau Azkoitian, hamar Azpeitian, lau Zestoan, hiruna Aian eta Getarian; eta bi Aizarnazabalen. Beizaman eta Errezilen ez dute koronabirus kasurik izan. 

Zenbakiak horiek dira, baina kontuan hartu behar da denbora horretan sendatu edo zendu diren bizilagunak badirela. Beraz, ezin da jakin ziurtasun guztiarekin zenbat lagun dauden gaur egun COVID-19 gaitzaz gaixorik.

Lurraldekako datuak

Osakidetzak jakinarazi duenez, koronabirusa atzemateko 4.041 test egin dituzte azken orduetan–aurreko egunarekin alderatuta, test kopuru ia bikoitza–, eta 223 kasu berri hauteman dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Bestalde, azaldu dute 21 lagun hil direla gaitzaren ondorioz azken orduetan. Guztira, 1.124 pertsona hil dira krisialdiaren hasieratik hiru lurralde horietan.

Nafarroan berriz, 127 kasu berri atzeman dituzte azken orduetan. Guztira, 4.958 koronabirus kasu aurkitu dituzte kontaketa hasi zutenetik, eta 401 lagun hil dira gaitzaren ondorioz; horietako lau, azken orduetan.

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuak kontuan hartuta, guztira, 18.002 lagun kutsatu dira COVID-19arekin kontaketa hasi zenetik. Dena dela, nabarmendu behar da Hego Euskal Herriko 8.967 herritarrek jaso dutela dagoeneko senda agiria.