Liburuaren Nazioarteko Eguna

Imanol Agirre: "Galdetu didate ea liburua estraperloan pasatu diezaiekedan"

Aritz Mutiozabal 2020ko api. 23a, 09:36
Imanol Agirre, Garoa liburu dendako arduraduna.

Aisialdian kontsumitzeko moldeak izan ditu mintzagai Imanol Agirrek (Zarautz, 1978). Berehalakotasun horretaz, eta plataforma handiek zer-nolako eragina izango duten dendari txikiengan.

Itxialdiaren eraginez, jendea gero eta gehiago ari da kultura kontsumitzen, dela filmak dela liburuak. Kontua da plataforma handiak ari dela erabiltzen horretarako. Horrek nola eragiten dio zuek bezalako liburu denda txiki bati?
Nire gurasoek ere esaten dute  orain aisialdia zabalagoa dela lehengo aldean. Lehen ez zegoela horrenbesteko aukerarik; hau da, irakurketara, zinemara edo antzerkira joatea eta gutxi gehiagora mugatzen zela. Egia esan, egun aisialdia oso zabalduta dago; esaterako, sakelako telefonoa hartzen dugu, begira hasten gara eta konturatzerako ordu eta erdi pasatu da jakin gabe zertan aritu garen. Sakelako telefonoak direla, telesailak direla, filmak direla eta beste hamaika plataformak... Jakina, honek guztiak eragin digu. Lehen ere eragiten zigun, baina, orain, denda itxita dugula, are eta gehiago.

Plataforma horien etxez etxeko banaketa dela eta, uste duzu zuen bezero fidelen erosketa ohitura aldatu egin dela?
Egoera honen ondorioz, pentsatzen dut nahi ala ez aldaketak egongo direla. Askotan aldaketek beraiek beldurra sorrarazten digute, zer gertatuko den zalantza horren aurrean. Halaber, egia da berehalakotasun batean bizi garela: gauzak nahi izaten ditugu oraintxe bertan. Egun hauetan nahikoa da leihotik begiratzea ikusteko nola dabiltzan banatzaileak kaletik, deitu Amazon edo deitu beste plataforma batetik bidalitako gauzak etxera eramaten. Izan ere, jendeak berehala nahi ditu gauza horiek. 

Iruditzen zait Garoan baditugula bezero fidel batzuk. Jaso ditugu posta elektronikoak babesa adierazten, egoerari eusteko esaten eta hau guztia bukatzen denean berriro itzuliko direla azaltzen. Plataformen kontu honek eragina izango du, bai Garoan, baina baita, oro har, denda txikietan ere.

Dena azkar doa...
Gogoan dut larunbat batean hasi zela konfinamendua, eta guk ostiralean itxi genuela liburu denda. Gogoratzen naiz nola etorri zitzaidan emakume bat esanez liburu bat behar zuela berehala bere semearentzat, bestela irakasgaia ez zuelako gaindituko. Alerik ez zitzaidan geratzen, eta zalantza zegoen haurrak eskolara joaterik izango zuten. Baina jendeak «ja» behar ditu gauzak. Azaldu behar da ez dela ezer pasatzen konfinamendu honetan ez baditugu egiten 100 mila abdominal, hamar bizkotxo eta abar. Agian, ongi etorriko zaigu egonean egotea. Irakurketari dagokionez, batek edo bestek esan dit liburu jakin bat irakurri nahi duela eta ea estraperloan pasa ahal diezaiokedan. Nik ezetz esan diet. Beraien bikotekideak, pisukideak edo gurasoak hor utzita duten liburu hori irakurtzera gonbidatu ditut. Horiei heltzeko unea da, eta berehalakotasun hau alboratzekoa.

Beraz, eskaerak etorri zaizkizue, denda itxita eduki arren?
Egunero pare bat mezu baditugu. Batzuek ulertzen dute egoera. Jakin badakite zaila zaigula, baina ahal badugu eskaera martxan jartzeko eskatzen digute... Ezin dugu martxan ere jarri, dendara ez baikara joan ere egin. Gainera, eskaerak egiteko sistema informatiboa dendan bertan dago. Liburua orain nahi dutela, bada sentitzen dut, baina ezin dut. Horregatik, alde batetik, oraintxe bertan behar duen jende bat egongo da eta beste bide batzuk hartuko ditu, eta, agian, gero bide horiekin geratuko da. Baina, bestetik, geratuko da betiko bezero fidel hori edo gauzak beste patxada batekin hartzen dituena. 

Irakurketak menpekotasuna sortzen duela esan genezake?
Literaturzale pila bat daude, ni barne, nahiz eta liburuak erosi, oraindik irakurri gabe eta etxean pilatuta dituztenak. Japoniarrek uste dut tsundoku deitzen diotela horri. Agian, momentua da menpekotasun hori arintzeko, eta pilatuta ditugun liburu horietara jotzeko.

Euskal Herrian bi argitaratze sasoi nagusi izaten dira: bata, udazkena, Durangoko Azokari begirakoa, eta bestea, oraingoa, udaberrikoa. Badirudi epe honetarako aurreikusitako nobedade guztiak ezerezean geratu direla.
Aurreko batean, argitaletxe eta banatzaile batzuekin hitz egiten aritu nintzen, eta ez dakite zer pasatuko den. Beldurra dago horren inguruan. Euskal Herrian ia guztia Durangora begira argitaratzen da, baina udaberrian ere gauza politak ateratzen dira. Udaberrian kontuan hartu behar da apirilaren 23a, Liburuaren Eguna, eta aurten ez dugu ateak zabalduta ospatuko. Eta gaztelaniazko edizioak, erdia edo erdia baino gehiago, data honetarako kaleratzen dira.  Pentsa Katalunian urteko salmenten erdia –agian, gehiago– egiten dute San Jordi Egunean, apirilaren 23an. Aurten ez dut uste halakorik izango dutenik. Beraz, egoera askoz ere kritikoagoa izango da.

Euskal Herrian gehientsuena Durangorako egiten bada ere, interesgarriak dira udaberriko argitalpenak, nolabait ere, ibilbide luzeagoa izaten dutelako. Orain, ordea, argitaratze prozesuak geratu egin dituzte, eta ez dakit zer gertatuko den ondoren. Nik banatzaileei esan diet, behin irekitzen dugunean, ez ekartzeko bizpahiru egunetan denak. Lasai egoteko esan zidan, baina abisatu zidan sekulakoa zetorrela.

Euskal Editoreen Elkarteak ere ohartarazi du egoeraren larritasuna. Liburuen salmenta %25 jaitsiko dela dio, eta, besteak beste, liburu bonuak proposatu ditu irtenbide moduan.
Euskal Editoreen Elkarteko lehendakari Joxemari Sorsi entzun diot %25 edo %30 jaitsiko zela salmenta, edo, auskalo, agian gehiago izango da! Apirilean ez dugu irekiko eta irabaziak hutsean geratuko zaizkigu. Martxoaren erdia ere joan egin zitzaigun, eta, gero, kalkulu horiek egiten dira lehengo joera kontuan izanda. Nire ustez, gauzak ez dira izango lehen bezala... Gainera, ez dakigu denda noiz ireki ahal izango dugun. Zaila iruditzen zait liburu aurkezpenak egiteko aukera izatea, baita irakurle taldeak osatzeko aukera izatea ere. Literaturia ez da ospatuko aurten, eta maiatzean zen. Gauzak asko aldatzera doaz. Datuetan ez naiz ausartzen zenbat jaitsiko den esatera, baina jaitsiko dela agerikoa da. 

Liburu bonuena? Aukera bat izan daiteke. Gabonen bueltan ere ateratzen dituzte kultur bonuak, eta, egia esan, liburu dendarioi laguntzen digute. Beste alor batzuetan ere hasi dira bonoekin. Badirudi bono mundu bat osatuko dugula.