Zer babes neurri hartu behar dira umeekin kalera irteteko?

Zarauzko Hitza 2020ko api. 24a, 15:00

Guraso askok zalantzak izan ditzakete haurrak babesteko hartu beharreko neurrien inguruan. Felix Zubia mediku zarauztarrari galdetuta, azaldu du beraiek zain daudela Espainiako Gobernuak dekretua noiz aterako, baina bere ustez badaudela hartu beharreko neurri "logiko" batzuk. 

Igandetik aurrera, umeek egunean ordubetez kalera irteteko aukera izango dute. Zer babes neurri hartzea komeni zaie gurasoei haurrak COVID-19 birusetik babesteko? Zalantzak izan ditzakete guraso askok, eta Felix Zubia mediku zarauztarrarengana jo du komunikabide honek erantzun bila. Hasteko, esan du hedabideetan irakurritako informazioa daukatela beraiek, eta zain daudela Espainiako Gobernuak noiz aterako dekretua, iritzi zehatzagoa eduki ahal izateko. Hala ere, bere ustez badaude hartu beharreko neurri “logiko” batzuk.

Lau neurri aipatu ditu Zubiak:

1. “Garrantzitsuena da ez nahastea etxe bateko eta besteko haur eta familiak. Etxe bereko haurrak ibil daitezke elkarrekin, noski, baina beste etxeetakoekin nahastu gabe”.

2. “Kalean distantziak mantentzea ere garrantzitsua da, 1,5 eta 2 metro artean, kalean dabilen gainerako jendearekiko. Lagunak ikusten badituzte ere berdin, distantzia hori mantendu behar da”.

3. “Jolas parkeetara ez da joan behar, ezta kaleko bankuetan eseri ere”.

4. “Umeek azalerak ahalik eta gutxien uki ditzaten saiatu behar dute gurasoek, baina erotu gabe. Izan ere, berez airez transmititzen da birusa”.

Zubiak uste du lau neurri horiek hartzea nahikoa izango dela umeak eta ingurukoak seguru ibil daitezen kalean.