11 positibo berri zenbatu dituzte Zarautzen

Zarauzko Hitza 2020ko api. 24a, 13:37

Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, Zarautzen soilik zenbatu dituzte koronabirus kasu berriak eskualdean; guztira, 11. Zenbaketak hasi zirenetik, herrian egun batetik bestera atzemandako kopuru handiena da gaurkoa.

Azken egunetan baino datu kezkagarriagoak eman ditu gaur Osakidetzak, Zarautzi dagokionez. Izan ere, 11 kasu berri baieztatu zituzten atzo eskualdean; guztiak Zarautzen. Guztira, 124 kasu baieztatu dituzte herri horretan gaur arte. Positibo berri horiekin, 224 kasu positibo baieztatu dituzte Urola Kostan, zenbaketak hasi zirenetik. Hemen daude ikusgai zenbaketak hasi zirenetik Urola Kostako herrietako datuak biltzen dituzten grafikoak. Zarautzen, azken datuen igoera oso esanguratsua izan da.

Gainontzeko herrietan ez da aldatu COVID-19 gaitzaz kutsatutako pertsonen kopurua: 47 kasu baieztatu dituzte Zumaian, hamasei Orion, hamalau Azkoitian, 11 Azpeitian, lau Zestoan, hiruna Aian eta Getarian, eta bi Aizarnazabalen.

Eusko Jaurlaritzaren datuek kopuru horiek zehaztu dituzte, baina kontuan hartu behar da koronabirusaren pandemia hasi zenetik sendatu edo zendu diren bizilagunak ere badirela. Beraz, ezin da jakin ziurtasun osoz zenbat pertsona dauden gaur egun COVID-19 gaitzaz kutsatuta.

Lurraldekako datuak

Osakidetzak jakinarazi duenez, atzo 4.339 PCR proba eta 3.050 test azkar egin zituzten –inoizko kopururik handiena–, eta 344 kasu berri atzeman dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hiru lurralde horietan, 26 pertsona hil ziren atzo, eta 323 lagun osatu ziren. Guztira, 1.193 pertsona hil eta 8.459 sendatu dira krisia hasi zenetik.

Nafarroan berriz, 117 kasu berri atzeman dituzte azken orduetan. Atzo, inoiz baino PCR proba gehiago egin zituzten lurralde horretan: 1.357. Guztira, 5.180 koronabirus kasu aurkitu dituzte kontaketa hasi zutenetik, eta 417 lagun hil dira gaitzaren ondorioz; horietako zortzi, azken orduetan. Guztira, 1.552 lagun sendatu dira Nafarroan.