Amenabarrek zilarrezko mailari eutsiko dio

Zarauzko Hitza 2020ko api. 25a, 09:35
(Luis Epelde)

Erabaki irmoa oraindik hartzeke dago, baina txapelketak bertan behera uzteko proposatuko dio Espainiako Federazioko Zuzendaritza Batzordeak Delegatuen Komisioari.

Espainiako Eskubaloi Federazioak Zuzendaritza Batzordean hartu du erabakia. Amaitutzat emango dituzte 2019/2020 denboraldiko Espainiako ligak eta txapelketak. Hala iradokiko dio Delegatuen Komisioari batzordeak. Zarauzko Amenabar taldeak mailaz jaisteko arrisku handia zuen aurtengoan, sailkapenaren behekaldean zebiltzan azken jardunaldietan. Gustura hartu dute, beraz, federazioaren erabakia, izan ere, liga bertan behera geratu denez, maila jaitsierarik ez da izango, eta datorren denboraldia zilarrezko mailan egingo dute beste urte batez zarauztarrek.

Aiala emakumezkoen taldeak ere zilarrezko mailari eutsiko dio, baina, horien kasuan, ez dute ezustean jaso berria. Izan ere, sailkapenaren erdialdean zeudela hasi zen geldialdia. 

Maila jaitsierarik ez dela egongo erabaki dute, baina, igoerak egon daitezela proposartuko diote komisioari. "Saritu nahi ditugu sei edo zazpi hilabetez lanean aritu diren taldeak, sailkapenaren goiko aldean egiteko. Horiek jauzia eman nahi dute, beraz, igoerak mantentzea proposatuko dugu, kirolaren onbeharrez eta ahalik eta justuen izateko bidean", azaldu du Francisco Blazquez federazioko presidenteak.