Gurutze Gorriak, DYAk eta Caritasek behar gehien dutenei laguntzen jarraitzen dute alarma egoeran ere

Zarauzko Hitza 2020ko api. 26a, 09:00
Caritasek bildutako elikagaiak. (Zarauzko Udala)

Laguntza eskaerak herritarren arretarako telefono zenbakian jaso dituzte, 010ean, eta udaleko Gizarte Zerbitzuek koordinatzen dituzte.

Gurutze Gorria, DYA eta Zarauzko Caritasek laguntza ematen dihardute egunotan ere zaurgarritasun egoeran dauden zarauztarrei. Besteak beste, elikagaiak eta botikak erosten dizkiete adinekoei eta baliabide ekonomiko mugatuek dituzten edo egoera "bereziak" dituzten bizilagunei.

Caritas Zarautzek antolatu eta kudeatzen du elikagaien banaketa; Gurutze Gorriak laguntza eskaintzen die hala eskatzen duten pertsonei oinarrizko beharrizanetarako eta, DYAko boluuntarioek, besteak beste, etxez etxeko botiken entrega kudeatzen dute –dagoeneko 945 zerbitzu eman dituzte–, eta etxean maskarak egiteko materiala banatu eta biltzen dute –mota honetako 57 zerbitzu eskaini dituzte–.

Jesus Arana Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak azaldu du, guztira, 130 familien beharrei erantzun zaiela astero. Eskaera guztiak herritarren arretarako telefono zenbakian egiten dira, 010ean, eta udaleko Gizarte Zerbitzuek koordinatzen dituzte. Eskainitako laguntzagatik, eskerrak eman dizkie udalak Gurutze Gorriko, DYAko eta Zarauzko Caritaseko boluntarioei: "Zorionak eta eskerrak eman nahi dizkizuegu bizi ditugun une latz hauetan erakutsitako konpromisoagatik, borrokagatik, profesionaltasunagatik eta lanagatik", nabarmendu du Aranak.

Gurutze Gorriko zuzendari Felix Zubiak azaldu du Pandemia hasi zenetik 50 eskaera inguru jaso dituztela; horietako gehienak erosketak egiten laguntzeko, farmaziara joateko eta egunerokorako beharrezkoa den beste zerbait jasotzeko izan dira. Guztira, ondoko zerbitzuak eskaini ditu Gurutze Gorriak: erosketak etxera eramateko 24 zerbitzu, zaborra jaisteko 11, sendagaiak eramateko hamalau, eta etxez aldatzeko laguntza zerbitzu bat.

Caitasen lana ere azpimarratu nahi izan du udalak. 1.600 kilo elikagai bildu dituzte, egoera zaurgarrian dauden familien eta pertsonen artean banatzeko. Lan solidario horietan, Gipuzkoako Caritas elkarteak babestu du Zarauzko taldea. COVID-19 pandemiak sortutako egoeraren aurretik, Caritas Zarautzek 30 familiari banatzen zizkien elikagaiak, baina, azken hilabetean, hirukoiztu egin dute laguntza, 100 familia ingururi janaria banatuz. Elikagaien banaketa bost boluntarioren artean egiten dute, bi egunez, jende pilaketak ekiditzeko.