Konfinamendutik ateratzen

Neurri berriak jarriko ditu indarrean udalak, larunbatetik aurrera

Zarauzko Hitza 2020ko api. 30a, 15:40
Hondartza irekita egongo da, baina debekatuta egongo da bainatzea. (Zarauzko Udala)

Zarauzko Udalak erabaki dituen neurriak izango dira egoera erregulatu eta garatuko duen araua iritsi bitartekoak.

Zarauzko Udalak Covid-19 birusak eragindako larrialdi egoeran ezarri diren neurri guztien jarraipena egin du, eta, orain, Konfinamendutik ateratzeko 0 fasea izenekoari begira, neurri sorta berriak hartzera erabaki du, maiatzaren 2tik aurrera indarrean sartuko direnak. “Erabaki hauen helburua kutsadura berriak ekiditea eta zarauztar guztion osasuna zaintzea da", adierazi du Xabier Txurruka alkateak.

Egoera erregulatu eta garatuko duen araua iritsi bitartean egongo dira indarrean neurri hauek.

NEURRI BERRIAK

- Kirola bakarka eta goragoko instantziek ezartzen dituzten gizarte-urruntze baldintzak betez praktikatzea baimenduko da.

- Ezin da kirola taldean praktikatu kirol instalazioetan, izan pribatu edo publikoak.

- Kirola egitera ateratzen garenean, bizikletan ibili edo korrika egitea egongo da baimendua, beti gizarte-urruntze neurriak errespetatuz. Surfa edo kayak-surfa baimenduko da, baita, beti ere, bakarka praktikatzen bada.

- Hondartza irekita egongo da, baina itsasoan bainua hartzea debekatua egongo da.

- Adineko pertsonak eta pertsona helduak goragoko instantziek zehaztutako baldintza eta ordutegien baitan izango dute baimena paseatzera ateratzeko.

- Getariako Udalarekin adostuta, bi udalerrien arteko oinezkoen bidea itxiko da, gutxieneko segurtasun-distantziak bermatzen ez dituzten oinezkoen arteko pilaketak saihesteko.

- Arrazoi beragatik, Iñurritzako biotopoko bidea eta duna inguruko egurrezko pasarela itxita egongo dira.

- Higiene arrazoiengatik eta kutsatze fokuak ekidite aldera, Frontoi Txiki eta Merkatu Plazako komun publikoak itxiko dira. Komun autogarbigarriek, aldiz,irekita jarraituko dute.

Alkateak eskerrak eman nahi dizkie herritarrei zazpi aste hauetan izandako "portaera eredugarriagatik". Edonola ere, gaineratu du ezin dela erlaxatu eta birusaren kutsadura saihesteko neurriak hartzen jarraitu behar dela. "Ziur gaude fase berri honetan ere, zentzuz beteko ditugula urruntze eta higiene neurriak".