Hirugarren egunez jarraian, datu positibo berririk ez herrian

Zarauzko Hitza 2020ko mai. 5a, 14:00

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 12.251 lagunek jaso dute senda-agiria, baina Eusko Jaurlaritzak ez ditu sendatutakoen herriz herrikako datuak ahalbidetzen, beraz, ezin da jakin gaur egun zenbat lagun dauden kutsatuta eskualdean.

Koronabirusaren hedapena moteldu egin da Hego Euskal Herrian, eta Urola Kostako datuek ere joera berbera adierazten dute. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak eguerdian plazaratu dituen datuen arabera, azken orduetan, ez dute COVID-19 kasurik atzeman eskualdean. Zarautzen, gainera, hirugarren eguna da jarraian kasu berririk gabe.

Hala, datu ofizialen arabera, kontaketa hasi zutenetik eskualdeko 259 lagun kutsatu dira, baina azken egunetan ez du gora egin kopuruak. Hurrengoak dira kutsatuen kopuruak herriz herri: Zarautzen 142 lagun; Zumaian 48; Orion eta Azkoitian hamazortzina; Azpeitian hamasei; Getarian eta Zestoan bosna; Aian lau; eta hiru Aizarnazabalen.

Bestalde, nabarmendu behar da, koronabirusa zabaltzen hasi zenetik, sendatu diren bizilagunak asko direla. Eusko Jaurlaritzako datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 12.251 lagunek jaso dute senda-agiria, baina ez dituzte sendatutakoen herriz herrikako datuak ahalbidetzen; beraz, ezin da jakin gaur egun zenbat lagun dauden kutsatuta eskualdean. Horrez gain, badira koronabirusaren sintomak izan arren, probarik egin ez dieten herritarrak ere. Horregatik, oso zaila da gaitzaren benetako zabalkundea ezagutzea.

Lurraldekako datuak

Eusko Jaurlaritzak emandako azken datuen arabera, azken orduetan 13 kasu berri atzeman dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horiek kontuan hartuta, kontaketa hasi zenetik, orotara, 16.426 lagun izan dira kutsatuak. Horrez gain, hamabi pertsona hil ziren atzo eta, guztira, 1.353 dira COVID-19 gaitzarekin hildakoak.


Nafarroako Gobernuak ere argitaratu ditu datu eguneratuak, eta zenbaketa hasi zutenetik, guztira, 6.511 pertsona kutsatu direla, eta 471 zendu direla azaldu dute.