Amaitu da denboraldia Zast Saskibaloiko talde gehienentzat

Zarauzko Hitza 2020ko mai. 7a, 10:04

(@ZAST_zarautz)

Gipuzkoako eta Euskadiko Saskibaloi Federazioek amaitutzat eman dute 2019-2020 denboraldia, eta ez da ez maila igoerarik ez jaitsierarik gauzatuko. Beraz, Zast Saskibaloiko talde ia denentzat amaitu da denboraldia. 

Gipuzkoako eta Euskadiko Saskibaloi Federazioek amaitutzat eman dute 2019-2020 saskibaloi denboraldia. Hori horrela izanik, Zast Saskibaloi klubeko ia talde gehienen denboraldia ere bukatu da. Zast Ulacia taldearen denboraldia oraindik airean badago ere —Espainiako Saskibaloi Federazioak oraindik ez du erabakirik hartu—, gainerako talde guztiek ez dute aurtengo denboraldiko partida gehiago jokatuko. Beraz, guztira, Zast elkarteko maila desberdinetako 22 talderentzat amaitu da aurtengo denboraldia. 

Bi federazioek jakinarazi dute ez dela ez maila igoerarik eta ez jaitsierarik izango aurten liga horietan, hau da, iaz denboraldia hasi zuten maila berean hasiko dute 2020-2021 denboraldia talde guztiek. Halere, bi federazioek azaldu dute mailaren batean plazaren bat hutsik gelditzen bada, 2020ko martxoaren 8ko sailkapena hartuko dutela kontuan —2019-2020 denboraldian jokatutako azken jardunaldia—.