Astelehenetik aurrera hiletak ospatuko dituzte elizetan, babes neurriak hartuta

Zarauzko Hitza 2020ko mai. 7a, 17:00

Hildakoaren gorpurik gabe, eserlekuetan segurtasun distantziak utzita eta maskarak jantzita izango dira elizkizunak.

Zarauzko hileta zerbitzu bateko arduradunak komunikabide honi azaldu dioenez, hilaren 11tik aurrera berriz hasiko dira hileta elizkizunak ospatzen elizetan. Hainbat neurri hartuko dira COVID-19 birusetik babesteko; esaterako, gorpurik gabe agurtuko dira hildakoak, bankuetan esertzeko tokiak markatuta egongo dira segurtasun distantziak bermatzeko, eta elizara sartu ahal izateko maskara jantzita eraman beharko da.

Oraindik ez dago argi hilerrian zenbat pertsonek agurtu ahalko duten hildakoa, baina hileta zerbitzukoak esan duenez, pentsatzekoa da etxean 10 lagun elkartu badaitezke, hilerrian ere kopuru hori utziko dutela juntatzen.

Maiatzaren 25etik aurrera agurtu ahalko dira hileta eginez COVID-19 birusagatik hildakoak. Zarautzen, esaterako, parrokian 28 hileta eta frailetan beste zazpi daude egiteko, eta datorren astean hasiko dira familiekin adosten horien aldeko hileta elizkizunen datak.