Galder Gonzalez: «Batzuetan espero ez dugun tokitik dator soluzioa»

Izaro Altzibar 2020ko mai. 8a, 12:00

Hamaika saltsatan sartuta ibili ohi da Galder Gonzalez Zarauzko bizilaguna (Altsasu, Nafarroa, 1982). Dibulgazio zientifikoaren CAF-Elhuyar saria irabazi du, eta bere lanaz aritu da, besteak beste.

Io eta argiaren abiadura lanarengatik eman dizute saria. Zein da artikuluaren gaia?
Artikuluak lantzen du nola erabili izan zen bere garaian Io —Jupiterren lau ilargi nagusietako bat—, longitudea aurkitzen saiatzeko, baina urte batzuk geroago, beste zientzialari batzuek deskubritu zuten horri esker argiak abiadura bat daukala. Artikuluak azaltzen du nola heltzen diren hasieran inola ere pentsatzen ez zen ondorio batera 60-70 urteko tartean, zientziaren garapenaren ondorioz. Zientziaren historiako pasarte bat da, Galileok teleskopioarekin Jupiter deskubritzen duenetik argiaren abiadura zein den determinatzen den arte.

Zergatik erabaki zenuen horri buruz idaztea?
Interesgarria iruditu zitzaidan. Aspaldi irakurri nuen Longitudea izeneko liburua. Bertan azaltzen da, itsasoaren erdian bazaude ontzi batean, erraza dela iparraldea eta hegoaldea non dauden jakitea, eguzkiari edo izarrei begira jarrita. Baina ezinezkoa da ekialdea eta mendebaldea zein diren jakitea; beraz, ontzi askok talka egiten zuten, eta arazo horri irtenbidea jartzen saiatu ziren mendeetan zehar. Arakatzen ibili nintzen, eta ikusi nuen bazegoela lotura Ioren eta argiaren abiaduraren artean, eta iruditu zitzaidan bazegoela istorio interesgarri bat kontatzeko. Ez pentsa, denbora asko eman nuen pentsatzen zein zen kontatzeko modu egokia. Inork espero ez zuen moduan, ikerketa jakin batetik beste ondorio guztiz interesgarri bat atera zen.

Epaimahaiak zure artikulua «ulerterraza, erakargarria eta bitxia» dela adierazi du. Zergatik uste duzu horrela definitu dutela?
Dibulgazio zientifikokoaren saria da jaso dudana, eta dibulgazio zientifikoak uste dut hala izan behar duela, ulerterraza. Espero ez den bitxikeria bat kontatu behar duzu. Agian, hau irakurtzen dutenek badakite Galileok deskubritu zituela Jupiterren ilargiak, baina agian ez dute jakingo 30 urtez sistema bat ikertzen egon zela, marinelek Jupiterren ilargiak ikusi ahal izateko; ez bizitzak salbatu nahi zituelako, baizik sari handia zegoelako deskubritzen zuenarentzat. 

Galileo historiako astronomo garrantzitsuenetako bat da, baina berak egin zituen proposamenak ez dira oso logikoak. Hala ere, 60 urte geroago, norbaitek deskubritu zuen horrekin longitudea jakin genezakeela, eta Jupiterrekiko daukagun distantziaren arabera, ikus genezakeela nola aldatzen diren eklipseak eta horrekin nola jakin dezakegun argiak abiadura bat daukala. Hortaz, aurkikuntza guztiz kasual bat, bitxia egiten da. 
Askotan daukagu sentipen bat, eta koronabirusarekin hedatzen ari da: badirudi zientziak azkar aurkitu behar dituela irtenbideak. «Guztiok pentsatzen jartzen bagara, aurkituko dugu soluzioa», uste dugu. Eta batzuetan ez da horrela; batzuetan espero ez dugun tokitik dator soluzioa. 

«Euskal Wikipediaren datuak positiboak dira, baina irakurleak falta zaizkigu»



Zer da zuretzat sari hau irabaztea?
Pozgarria da. Dirua eta eskultura bat irabazi ditut; eskultura oraindik ez didate eman, ezin izan delako ekitaldirik egin. Gainera, nahikoa jendek idatzi dit egindako lana interesgarria dela esateko, eta hori niretzat oso ona da. Aukera gutxi dugu euskaraz dibulgazio zientifikoa egiteko. Longitudea EHUk euskaratutako liburu bat da, eta euskaraz zientzia egitea ere interesgarria da. Horrez gain, publikoarengana hurbiltzea lortzen badugu, interesgarria da hori ere. 

Ba al duzu aurrera begira beste zerbait buruan?
Ez. Zaila da horrelako gai baten inguruan pentsatzea, asko dokumentatu behar zarelako, eta behar duzu zerbait esateko: «Istorio hau kontatu behar dut». Hortaz, momentuz, ez dago besterik. 

Nola ikusten duzu euskal prentsaren egoera?
Berez, prentsarentzat ez da momenturik onena. Ez itxita gaudelako bakarrik, orokorrean, gauzek zirkulatzen duten moduagatik. Euskal prentsan badaukagu abantaila bat: merkatu logikatik kanpo egiten ditugu gauza batzuk. Gauza asko partekatzen  dira creative commons lizentziapean, eta horrek aukera ematen du informazioa zabaltzeko. Egiten den kazetaritza kritikoa da, eta hori eskertzen da, ikerketa lana eta abar egiten delako. Euskal prentsak hori badauka, baina momentu hau zaila da guztientzat. Kontsumoaren inguruko datu berririk ez daukat, baina badakigu kontsumoa ez dela euskaldun garen guztiona, eta egia da pila bat ekoizten dela eta zaila dela dena irakurtzea.

Euskal Wikipedian ere aritzen zara. Zein da haren egoera?
Euskal Wikipedian proiekatuak garatzen egiten dut lan. Hezkuntza programa bat ari gara garatzen orain, eta, egia esan, nahiko ondo doa. Bestetik, prentsari gertatu zaion gauza bera gertatu zaigu: produkzio handia daukagu. Dena den, gure hizkuntzan daukagun alfabetatu kopuruarekiko oso estatistika onak ditugu. Euskal Wikipedia 30.a da artikulu kopuruan, datuen erabilera automatikoetan lehen  hamarren artean gaude, eta hiztun kopurua kontuan hartuta, lehen hamarren artean gaude. Horiek oso datu pozgarriak dira, baina irakurleak falta zaizkigu.

«Euskal prentsaren abantaila da lan asko egiten dela merkatu logikatik kanpo»



Zerk egiten du huts?
Adibide bat jartzearren, ETB1ek badauka Herri Txiki infernu handi izeneko programa bat. Saio hori ikusten dutenak euskaldunak dira, eta beren mugikorrean bilatzen dute programan agertzen den herriaren inguruko informazioa. Herri bat agertzen den bakoitzean artikulu horrek bisitaldi gehiago ditu, eta horrek esan nahi du jende hori ari dela euskaraz kontsumitzen. Kontua da, gaztelaniaz artikulu horrek berak zortzi edo hamar aldiz bisita gehiago izaten dituela egun berean. Hori da jendeak mugikorrak gaztelaniaz dituelako konfiguratuta. Publikoa falta zaigu, gauzak hobeto egin zitezkeen, baina horretan ari gara.

Twitterren erabiltzailea ere bazara. Nola dago bertako euskal komunitatea? 
Ez naiz pertsonarik onena horretaz hitz egiteko, gauza asko beste hizkuntza batzuetan ere txiokatzen ditudalako. Hala ere, uste dut egon zela garai bat euskaraz gauza asko egin zirenak; komunitatetxoa sortu zen, baina sare sozial guztietan bezala, badago jendea joaten dena eta etortzen dena. 

­Nik jarraitzen dudan jendea soziologikoki oso antzekoa da, eta gazteagoek egiten duten erabilerak ihes egiten dit. Hala ere, erabilera interesgarriak ikusten ditut. Ikerketa bat egin zuten Informatika Fakultatean, eta horren bidez, gai ziren detektatzeko ea txio bat gazte edo heldu batek idatzi zuen, idazkeraren arabera. Horrek pozten nau: badaude gaztetxoak euskara ez normatibo eta gaizki erabilitakoan ari direnak. Hizkuntza bat gaizki erabiltzea nire ustez ona da, hizkera ohitura berriak sortzen dituzulako. Oso polemikoa da esan dudana; ondo erabili behar da hizkuntza, baina jendeak bere eremuan erabiltzen badu, ondo dago.
 
Nola iritsi publiko gaztearengana, orduan?
Ez dakit Twitter den publiko mota horri heldu ahal izateko bitartekorik onena. Gaztetxoek bereziki Instagram erabiltzen dute, eta azkenaldian, TikTok ere bai. Ez dakit esaten Facebooken zer ari den gertatzen, aspaldi ez dudalako erabilera aktiborik egin. Twitterren ikuspegitik, badaude gauzak, badago giroa, baditugu gure txiste propioak, eta hori oso ona da. Baina, azkenean, oso mendekoak gara, batez ere, Espainiako Twitter esferarekiko. Egongo dira batzuk Frantziako Twitter esferarekiko menpekoak direnak, baina euskaraz txiokatzen dugun gehienok Espainian gertatzen diren gauzen mende gaude. Hori beste gauza batzuengatik da, ez da hizkuntza kontua bakarrik. Zaila eta zabala da gaia; nire ustez, norbaitek ikerketa bat egiteko modukoa.

Erlazionatuak

Galder Gonzalez, etxetik etxera

Izaro Altzibar 2020 mai 07 Zarautz