Beste hiru egoiliarrek jaso dute senda agiria Santa Anan

Zarauzko hitza 2020ko mai. 8a, 19:31

Gipuzkoako adinekoen egoitzetan 12 lagunek gainditu dute koronabirusa azken orduetan. Foru bozeramailearen arabera, positibo guztien % 58,3k jaso dute dagoeneko senda agiria.

Eider Mendoza foru bozeramaileak emandako datuen arabera, azken orduetan Gipuzkoako adinekoen egoitzetan 12 lagunek gainditu dute koronabirusa. Horietatik hiru Zarauzko Santa Ana egoitzako egoiliarrak dira.

Guztira, gaur arte, 324 adinekok jaso dute senda agiria; positibo guztien % 58,3k. Krisialdia hasi zenetik, ordea, 166 egoiliar zendu direla ere jakinarazi du Mendozak. Gipuzkoan 12 dira kasu positiboak dituzten egoitzak, eta lau dira COVID-19 kasu aktiborik gabe geratu direnak.