Zalantzak ostalarien terrazetan

Izaro Altzibar / Aritz Mutiozabal / Amaia Urbieta Arruti 2020ko mai. 9a, 13:06

Behin lehen fasean sartuta, datorren astelehenean tabernariek bere negozioa irekitzeko aukera izango dute: terrazak irekitzeko aukera izango dute, %50eko okupazioarekin. Herriko ostalarien artean, besteak beste, kezka handia dago ordutegiaren inguruan: herritarrek noiz joan ahal izango duten zerbait hartzera, alegia.

Espainiako Gobernuak asteburuan hartu ditzaken erabakien zain dira ostalariak, datorren astean tabernak zabaldu ahal izango dituztenaren esperantzan. Ordutegian dago zalantzarik handiena. "Ez daukat oso argi jendeak noiz etorri ahal izango duen gure lokaletara garagardo bat hartzera, kafe bat hartzera edo bazkaltzera. Izan ere, ordutegiak oso-oso zehaztuta daude. Goizean, 06:00etatik 10:00etara kirola egiteko unea bada, kaña batzuk hartzera joango al zara? Gero, adinekoek paseatzeko txanda, eta jarraian haurrekin egoteko. Iluntzean, berriro ere, kirola egiteko. Nik ez daukat batere garbi. Ondorioz, maiatzaren 11n ez dugu zabalduko, ez dugu terrazarik jarriko", adierazi du malekoiko Olatugain erretegiko Jon Gurrutxagak.

Lehen fasean sartuta, tabernek terrazaren %50a irekitzeko aukera izango dute astelehenetik aurrera, eta Olatugainek terraza handia –50 mahai– duen arren, "konplikatua" ikusten du gaia. "Kontuan izan behar da Euskal Herrian gaudela eta ez Malagan, eta, alde horretatik, ez dakit nik guretzako oso baliagarria den. Izan ere, hemengo giroa ez da Mediterraneokoa... Hasteko, astelehenerako ez da eguraldi onik aurreikusten. Hala ere, eta jakinda langileak pixkanaka-pixkanaka ERTEtik atera ditzakegula eta hori positiboa dela, oraindik zalantza handiak ditut herritarrek nola erantzungo duten".

Eguraldi txarra astelehenerako

Malekoi inguruan eta herriko beste zenbait tokitan terrazak martxan jarriko direla dio Zurekin Ostalari Elkarteko presidente Martin Argiñanok, baina ziur aski maiatzaren 11n bertan ez, eguraldi txarra dagoelako iragarrita. “Ostalari asko hasiko da mahaiak ateratzen astelehenean, probatzen, bi metro handik hona zenbat da ikusten... Gero astean zehar irekitzen hasiko da negozioa”. Horixe bera egitekoak dira Argiñano jatetxean, hain zuzen ere.

"Astelehenean ez dugu terraza irekiko, Espainiako Gobernuak ez baititu esan gure ordutegiak zeintzuk izango diren. Hori jakin arte, aste hasieran ez dugu zabalduko. Guk egin dugun planteamendua da ostiraletik aurrera zabaltzea hurrengo asteburura begira, eta betiere egiten duen eguraldiari begira. Gero, hortik aurrera martxari heltzea izango litzateke gure asmoa, bigarren fasera arte", azaldu du Argiñanok.

Egoera honen aurrean, Zurekinek terrazak zabaltzeko baimen berezia eskatu dio udalari fase honetan, betiere oinezkoei molestatu gabe, bezeroen segurtasun neurriak bermatzeko. "Udalak erantzun digu ehun establezimendu gaudela Zarautzen, eta bakoitzaren kasua ezberdina dela eta banan-banan aztertuko duela. Erantzunaren zain gaude".

Ostalari batzuk irekitzeko gogoa duten moduan, beste batzuk zuhurtziaz jokatu nahi dute. Hain zuzen ere, negozio denak ezberdinak dira, eta bakoitzak bere zenbakiak atera behar ditu eta ikusi merezi dion zehaztutako faseetan irekitzeak ala ez. Kirkilla-Enea jatetxeko Julen Olazabalek  dio itxaropena eman duteka albiste berriek, gero eta gertuago ikusten dutelako irekiera: "Baina ikusi beharko da zein muga jarriko dizkiguten, eta ea bezeroak etorri nahiko duten".

Bere esanetan, "ez da bideragarria" %30eko edukierarekin lana egitea. "Jatetxea zabaltzeak gastu handiak ditu, eta 30 bezerorekin lan egitea 100ekin egin beharrean, bideraezina da. Langileak ere soberan lirateke. Familiako lau langileez gain, beste zortzi langile ditugu, eta guztiak ERTE batean daude orain. Langile guztiak ordaindu beharko baditugu eta %30ean lan egin, ez dugu zabalduko, ez da bideragarria. Ikusi beharko da gobernuak zein argibide ematen dituen fase bakoitzean". Edonola ere, baikor agertu da, eta espero du uztaila alderako martxan egotea jatetxea.

Hornitzaileak ere inprobisatuz

Taberna eta jatetxeez hitz egin da luze, itxita egon direla denbora askoan, eta orain pixkanaka irekitzen joango direla. Egoerak edari eta janari hornitzaileei ere zuzenean eragin die. “Zalantzarik gabe, hala izan da. Guk bitarte honetan dendari txikiei zerbitzua eman diegu, baina langile bakarrarekin, eta egoera zailean. Gure bezero nagusi ostalaritza da, gure aktibitatea horretara dago zuzenduta, eta orain arte egin duguna ez da ezer izan. Izan ere, ez gara %5era ere iritsi. Oso gaizki”, jakitera eman du Zipriko arduradun Maider Collantesek.

Urte hasiera oso ona izanagatik ere, %90 gutxiago fakturatu dutela azaldu dute Borda Ardoak enpresako kideek. "Guk zortea dugu, denda daukagulako. Horrek, behintzat, gastu batzuei aurre egiteko eman digu. Denda irekita izan dugu, edariak lehengai esentzialtzat hartzen direlako. Ondorioz, denda martxan edukitzeko aukera izan dugu. Bitarte honetan, gehiago egin dugu etxeetako zerbitzua; horrez gain, geneuzkan denda txiki batzuk hornitzen ere ibili gara, eta kafetegiei ere utzi dietenez kafea eramateko eskaintzen, guk esnea ere banatzen dugu. Horrelakoak egin ditugu".

Astelehenean ostalariek terrazak zabaltzeko aukera izango duten arren, ez dutela eskaera handirik jaso adierazi dute hornitzaileek. Collantesen arabera, "jendeak oraindik ez daki neurriak zeintzuk izango diren, eta duda askorekin dago ireki ala ez ireki. Hori horrela, aste honetan oraindik ez da asko mugitu. Orain arte gu geldirik egon gara, eta orain zertxobait hasi gara lanean, baina oso gutxi. Jendeari oraindik beldurra edo errespetua ematen diolako egoerak".

Bordaren bezero batzuk esan dute irekitzeko asmorik astelehenean. "Ikusten joango direla esan digute, asteak pasatzen doazen heinean". Horrekin batera, ondorengoa gaineratu dute: "Barren plazan, adibidez, taberna batzuk bi mahai ateratzen dituzte kanpora. Beraz, ez die konpentsatzen mahai batengatik taberna guztia martxan jartzea. Bestalde, ikusten da jendea ari dela taberna garbitzen, mugimendua sumatzen da, baina batzuk itxaron egingo dute ekainaren erdira arte".

Antzerakoa berretsi du Collantesek ere: "Tabernariak esaten ari dira maiatza bukaera aldean edo ekainaren hasieran mugituko direla. Hala ere, ez dakigu ziur, egunetik egunera berri ezberdinak daudenez, guk ere horretara moldatu beharra daukagu, inprobisatuz".