"Zentroko egoiliar guztiak ongi daude eta egin dizkieten test probetan negatiboa eman dute"

Zarauzko Hitza 2020ko mai. 9a, 17:40
Santa Anako egoiliar bat leihotik begira. (Santa Ana egoitza)

Zarauzko Santa Ana Fundazioak ondorengo idatzia bidali du berri ona iragartzeko. Era berean, egoera oso zailak gertutik bizi izan dituztela adierazi dute, eta bukatzeko eskerrak eman dizkiete lagundu dieten guztiei.

"Gaur egun zoriontsua eta garrantzitsua da Zarauzko Santa Ana Fundazioa osatzen dugun pertsona guztiontzat. Egun zoriontsua da egoitzarentzat, baita batzordearentzat ere, berri on bat iragarri dezakegulako: zentroko egoiliar guztiak ongi daude eta egin dizkieten test probetan negatiboa eman dute.

Jakina da COVD-19ak gogotik astindu gaituela. Egoera oso zailak bizi izan ditugu: egoiliarren heriotzak, egoiliar eta langile kutsatuen kezkak eta ziurgabetasunak, beraien gertukoen ondoan egoteko edota agurtzeko aukerarik izan ez duten familiakoen tristura, egoerak amaierarik izango ez zuela pentsatzen genuen egun haietako ezintasuna...

Lehen lerroan egotea tokatu zaigu, eta, orain, inoiz baino gehiago, berresten dugu berotasuna eta kalitatea ezinbestekoak direla gure egoiliarren zaintzarako eta arretarako. Azken finean, balio horiekin identifikatzen da gure zentroa. Kalitatea eta berotasuna, definitzeko zailak diren bi termino dira, baina  gure konpainia apalarekin hori sentiarazten ahalegindu gara egoiliarrei.

Zorionez, gaur aukera dugu hasiera berri bati ekiteko, momentu handi honetaz gozatzeko eta albiste zoragarri hau partekatzeko.

Horregatik, eskertu nahi ditugu lagundu gaituzten pertsona, herri ekimen eta enpresa guztiak; besteak beste, Covideuskadi eta Gertuago ekimenak, Pardo, Pasaiplas eta Zarauzko Yoigo bezalako enpresak, Gipuzkoako Foru Aldundia, Zarauzko Udala, Osakidetza, suhiltzaileak, zentroko egoiliarren familiei eta modu anonimoan laguntza eman duten herritar guztiei.

Eskerrik asko zuen kolaborazio, laguntza, animo eta babesagatik. Mila esker, bihotz-bihotzez!"