Langabezia tasa 1,4 puntu igo da urtearen hasieratik Zarautzen

Zarauzko Hitza 2020ko mai. 10a, 14:30

Apirileko langabezia datuak jakinarazi ditu Lanbidek, eta %9,1 da Zarauzko langabezia tasa. Koronabirusaren osasun krisiak eragina izan du igoeran; izan ere, urtarriletik ia puntu eta erdi igo da tasaren ehunekoa (%7,7 zen orduan). Iazko apirileko datuekin alderatuz gero, 2,1 puntu igo da langabezia tasa herrian.

Koronabirusaren osasun krisia ekonomian ere ari da eragina izaten; izan ere, azken bi hilabeteetan asko izan dira lanean aldaketak jasan dituzten nahiz langabezian gelditu diren herritarrak. Lanbidek dagoeneko kaleratu ditu apirileko langabezia datuak, eta eskualdeko herri guztietan izan du eragina COVID-19 gaitzak eragindako krisiak. Hain zuzen ere, ia herri guztietan igo da langabezia tasa azken bi hilabeteetan, baina dena den, Gipuzkoako tasaren azpian kokatzen da eskualdeko batez bestekoa.

2019ko datuekin alderatuz gero, 2,1 puntuko igoera izan du urtebetean Zarauzko langabezia tasak. Apirilean %9,1 izan da, eta %7 zen iazko hil berean –1.043 pertsona daude orain lanik gabe Zarautzen–. Aurtengo urtarrila (%7,7) eta apirilarekin alderatuta, berriz, 1,4 puntuko aldea dago. Gaur egun lanik gabe dauden herritarretatik 604 dira emakumezkoak –% 57,9– eta 439 gizonezkoak –% 42,09–. 

Gainerako herrietan

Aizarnazabal da eskualdeko langabezia tasarik handiena duen herria, baita azken bi hilabeteetan igoera handiena izan duena ere. Lanbidek emandako datuen arabera, apirilean %13,4 zen hango tasa, eta eskualdean ez da apirilean %10eko muga gainditu duen beste herririk. Urtarrileko datuekin alderatuta, 3,8 puntu hazi da langabezia tasa, eta iazko apirileko datuekin konparatuz gero, berriz, hiru puntu. Guztira, 49 lagun daude gaur egun langabezian Aizarnazabalen, eta iazko apirilean 38 ziren.

Aizarnazabalen ostean, Orio, Getaria eta Zarautz dira hurrenez hurren langabezia tasaren igoera nabarmenena jasan duten herriak. Izan ere, 2019ko apirileko datuak eta aurtengo apirilekoak parez pare jarrita, Orion 2,9 puntu hazi da tasa, Getarian 2,4 puntu eta Zarautzen 2,1 puntu. Orion apirilean 9,8 zen langabezian zeuden herritarren ehunekoa (309 lagun), eta 2019ko hil horretan %6,9 (205 pertsona zeuden lanik gabe); aldiz, urtarriletik apirilera 2,2 hazi da langabezia tasa. Getarian %5,3tik %7,7ra igo da langabetu kopurua urtebetean; gaur egun 116 lagun daude lanik gabe, eta iazko apirilean 74 ziren. Urtarriletik apirilera 0,4 puntu baino ez da igo langabeen ehunekoa herri horretan.

Langabezia tasa gutxien igo den herrien artean daude Zestoa eta Azkoitia: bi herri horietan %0,8 egin du gora langabetu kopuruak. Dena den, Azkoitiko langabezia tasa (%9,5) eskualdeko hirugarren handiena da –Aizarnazabalek eta Oriok dute langabezia tasa altuena–, 556 lagun baitaude gaur egun lanik gabe. 2019ko apirilean, berriz, %8,7 zen langabetuen kopurua herri horretan. Aurtengo urtarrilean %8 zen tasa hori, beraz, urtarriletik apirilera 1,5 puntu igo da ehunekoa. Zestoan ere igoera izan du langabeen kopuruak apirilean: %9ra iritsi da langabetu kopuruaren ehunekoa. Aurreko hilabeteetan %8aren bueltan ibili izan da Zestoako langabezia tasa, baina koronabirusak eragin du herri horretan ere; gaur-gaurkoz, 169 lagun daude lanik gabe han –159 pertsona ziren lanik gabe iazko apirilean–. Urtarriletik apirilera 0,5 puntu igo da tasa.

Badira salbuespenak

Herri txikiagoetako errealitatea ere aipatzekoa da; izan ere, Aiako (%6,5), Beizamako (%6,8) eta Errezilgo (%6) langabezia tasak dira txikienak, eta langabetu kopuruan ere ez da aldaketa handirik izan koronabirusaren krisiaren eraginez. Are gehiago, Beizaman eta Errezilen jaitsi egin da langabezia tasa, 2019ko apirileko datuekin alderatuz gero: joan zen apirilean 19 lagun ziren langabezian Errezilen, eta 23 iazko apirilean; aldiz, Beizaman lau lagun ziren langabezian joan zen apirilean, eta 8 iazko hil berean. Aiaren kasua desberdina da; izan ere, tasak Urola Kostako txikienetarikoa izaten jarraitzen badu ere, igoera nabarmena izan da. Apirilean 1,2 puntu hazi da langabezia tasa 2019ko apirileko datuekin alderatuz gero: gaur egun, 68 lagun daude langabezian Aian. Urtarriletik apirilera, berriz, 1,5 puntu hazi da tasa.

Eskualdeko herri guztien gisan, Azpeitiko eta Zumaiako datuak ere ez dira onak; izan ere, bi herrietan izan du igoera langabetuen kopuruak. 2019ko datuekin alderatuz gero, bi puntu baino gutxiago hazi da langabezia tasa: 1,6 puntu Azpeitian eta 1,7 puntu Zumaian. 683 dira gaur egun langabezian diren azpeitiarrak (%9,4) eta 551 ziren iazko apirilean (%7,8). Urtarriletik apirilera, berriz, puntu bat igo da herri horretako langabezia tasa. Zumaiako langabezia tasa %8,9 izan da apirilean, eta %7,2 zen iazko hil berean –431 pertsona daude orain lanik gabe Zumaian–. 1,7 puntuko igoera izan du urtebetean langabezia tasak, eta aurtengo urtarrila eta apirila alderatuta, 1,3 puntukoa.

Gipuzkoan ere igoera izan du langabezia tasak: 2019ko apirilean %8,7 zen lurralde horretako langabetu kopuruaren ehunekoa, eta bukatu berri den apirilean %10,6 izan da. Beraz, 1,9 puntu hazi da langabezia tasa lurralde horretan. Igoera pixka bat handiagoa izan du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langabezia tasak; izan ere, 2019ko apirilean %10,8 zen tasa, eta joan berri den apirilekoa %12,9 izan da –2,1 puntuko igoera–. Apirileko datuei erreparatuz gero, Aizarnzabal da Gipuzkoako nahiz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langabezia tasak gainditzen dituen Urola Kostako herri bakarra.