Zarauzko Arraun Elkarteak igoerarik eta jaitsierarik gabeko liga egitea jarriko du mahai gainean

Zarauzko Hitza 2020ko mai. 15a, 13:21

Traineruen Kluben Elkarteak bilera egingo du maiatzaren 30ean, eta ZAEk proposamen bat landu du bilkuran aurkezteko. Zabaldu den dokumentuaren arabera, igoerarik eta jaitsierarik gabeko liga bat egitea proposatuko dute, pandemiak denboraldia baldintzatu dezakeelako. Jon Artola ZAEko presidenteak azaldu du elkarte gehiago ere iritzi berekoak direla.

Aste honetan Zarauzko Arraun Elkarteak sinatutako dokumentu bat atera da argitara. Antza denez, Traineruen Kluben Elkarteak maiatzaren 30ean duen bileran aurkeztu nahi zuten, baina lehenago zabaldu da. Dokumentuak hautsak harrotu ditu, besteak beste, aurtengoa igoerarik eta jaitsierarik gabeko denboraldia izatea jarri nahi duelako mahaigainean ZAEk.

Horretarako, hainbat argudio zehazten dira argitara eman den proposamenean, hala nola pandemiaren bilakaerak eragin handia izan dezakeela estropadak behar bezala gauzatzerako orduan eta arraunlarien osasunean. Koronabirusa tartean egonda, zortea ohi baino faktore erabakigarriagoa izango dela argudiatu dute ZAEkoek, eta aurtengo denboraldia ezohikoa izango denez, igoerak eta jaitsierak saihestea proposatuko dute.

Jon Artola ZAEko presidenteak jakitera eman du, izatez, elkarte gehiagok ere bat egiten dutela beren proposamenarekin, baina dokumentua igortzen lehenak zarauztarrak izan zirela, eta horregatik filtratu dela beraien dokumentua. Horrek eragin du Zarautz izatea egunotan arraun munduko hizketagai nagusia, baina Artolak garbi utzi du denen helburu nagusia liga egotea dela, eta jakitera eman du bi hilabete daramatzatela hori hala izan dadin lanean. "Orain arte oso lan txukuna egin dugu. Oinarri batzuk jartzea lortu dugu egutegi eta protokoloan, eta kontua ondo bideratuta dagoela esango nuke. Ika-mika honek ez du lagunduko, baina orain arte egindako lanarekin gustura gaude". Maiatzaren 30ean bilduko dira egindako proposamenak mahai gainean jartzeko. ZAEren dokumentuaz, Artolak azpimarratu du "denon artean adosteko" zerbait dela, eta beraiek egindakoa "eztabaidatzeko proposamen xume bat" soilik dela.