Patxi Ruiz presoari babesa agertzeko elkarretaratze ibiltaria antolatu dute igande iluntzerako

Zarauzko hitza 2020ko mai. 16a, 18:34

20:10etan abiatuko dute elkarretaratze ibiltaria Munoatik, eta malekoia zeharkatuko dute. Parte hartzaileak ilaran joango dira eta bi metroko distantzia mantenduko dute elkarren artean.  Maskarak eta eskularruak eramateko eskatu dute antolatzaileek.

Bihar iluntzean elkarretaratze ibiltaria egingo dute Patxi Ruiz presoak bizi duen egoera salatzeko eta elkartasuna adierazteko. Ruizek gose eta egarri greba abiatu zuen maiatzaren 11ean. Izan ere, Murtzia II espetxeko 8. moduluko presoen  eskubideak eta osasun-neurriak bermatzea eskatzeko protestak abiatu dituzte presoek, eta Ruizek "espetxeko zuzendaritzaren eta kartzelazainen mehatxuak jaso" dituela salatu dute elkarretaratzeko antolatzaileek. "Mehatxuen aurka eta babes judiziala eskatzeko hasi du borrokaldia Ruizek", adierazi dute.

Gertakarien eta Patxiren osasun-egoeraren larritasuna salatzeko, antolatu dute elkarretaratzea Zarautzen. 20:00etan bilduko dira parte hartzaileak Munoan, eta 20:10ean abiatuko dute elkarretaratze ibiltaria malekoia zeharkatuz. Parte hartzaileak ilaran joango dira eta bi metroko distantzia mantenduko dute elkarren artean.  Maskarak eta eskularruak eramateko eskatu dute antolatzaileek.