UKUEk autonomo eta enpresa txikiei laguntza zuzenak ematea proposatu du Urola Kostako EH Bilduk

UKUEko lehendakariari den Lourdes Salsamendiri eskatu diote zuzendaritzari dei egitea, aste honetan gaiari lotutako erabakia har dezaten.

Urola Kostako EH Bilduk proposatzen du UKUEK diru-laguntza zuzenak ematea hilabete honetan, autonomoei eta enpresa txikiei. Haien iritziz, Eusko Jaurlaritzak ez du borondate politikorik erakutsi tokiko ekonomia, enpresa txikiak eta autonomoei laguntzeko, eta horregatik egin dute eskaera. "Urola Kostako EH Bilduk jada zuzendaritzan mahai-gaineratu du mankomunitateko aurrekontuak gure herritarrek orain gehien behar dutenerako moldatu behar direla, eta kasu honetan, argi dugu mankomunitatearen helburua ere baden tokiko ekonomia salbatzera bideratu behar direla", adierazi dute alderdi politikotik.

Haien esanetan, aste honetan berraztertuko dira UKUEko aurrekontuak, eta eskaera bat egin nahi dute: "garbigunea eraikitzeko gordeta zegoen dirua enpresa txiki edo autonomoentzat bideratzea, bakoitzarentzat gehienez 2.000 eurokoak izango diren diru-laguntza zuzenekin, Zumaian PSE-EEk, EAJk eta EH Bilduk jada adostu dutena oinarri hartuz". 

EH Bildurentzat garapen agentzia da laguntza horiek kudeatzeko erakunderik egokiena, eta jada oinarriak adostuta daudenez, aste honetan onartzea eskatu dute, onuradunek maiatzean bertan kobratzen has daitezen. Horretarako, Lourdes Salsamendi UKUEko lehendakariari eskatu diote zuzendaritza deitzea, aste honetan erabakiren bat hartzeko.