Herri bazkaririk gabeko uda

Izaro Altzibar 2020ko mai. 21a, 11:04

Herritarrak parranda giroan festaz gozatzen dauden artean, plazaren ertz batean egon ohi dira goiz-eguerdi partean Eutxourrei Konpartsako kideak, sukaldeko tresna erraldoiak erabiltzen. Ehunka lagunentzako otorduak prestatu ohi dituzte, batez ere udan, baina aurtengoan ezingo dute halakorik egin.

 
Herria festa-giroan murgilduta dagenean, inoiz gutxitan falta da jana eta edana. Programazioetan ohikoak dira herri bazkariak edo bestelako otordu handiak eta, horiek posible izan daitezen, lanean aritzen dira Zarauzko Eutxourrei Konpartsako kideak. Herriz herri eta festaz festa ibili ohi dira, batez ere, udan, otordu erraldoiak prestatzen. Sukaldari lanetan aritzen den Josu Arrillagak azaldu du aurtengo uda "galdutzat" ematen dutela, beren jarduna izango delako azkenetarikoa normaltasunera heltzen. "Herriko festetan nahiz bestelako bazkari handietan kozinatzen dugu, eta jende multzo handiak pilatzen dira normalean", azaldu du. Duela hamar urte hasi ziren otorduak prestatzen, "inolako aurreikuspenik gabe", eta orain ia urte osoan zehar egiten dute lan, baina uda izaten da garai oparoena. Iaz, 25 herritan izan ziren bazkariak prestatzen. Arrillagaren arabera, uztaila da lanpetuen ibiltzen diren hilabetea.
 
Ziur dago egoera bere onera itzultzerako aurtengo uda joana izango dela, beraz, datorren urtera begira daude Eutxourrei Konpartsakoak. "Udazkenean bigarren olatu bat etorriko dela diote batzuek, eta ea zer baliabide ditugun horri aurre egiteko. Ez dakigu aukerarik izango den jendea elkartzeko, azkenean, egoera hau eta gure jarduna ez direlako bateragarriak". Bateragune horiek "aberasgarriak" direla uste du Arrillagak, eta horiek galtzeak "pena handia" ematen diela azaldu du.

Datorren urterako aukerak aztertzen ari dira dagoeneko, eta argi dute, bederen, lehengaiak bertako ekoizleei erosten jarraituko dutela. Bost langile aritzen dira herriz herri kozinatzen, baina horietako inor ez da hortik bizi, bestelako ofizioak dituzte guztiek. "Zorionez, ez gaude lan honen menpe, baina iaz bi lankideren diru-iturri nagusia izan zen Eutxourrei Konpartsa, eta aurten bide berriak topatu beharko dituzte", azaldu du zarauztarrak. Alde onari begira, lokalaren alokairua barkatu dietela azaldu du Arrillagak eta, behintzat, dirurik irabaziko ez duten arren, galerarik ere ez dutela izango nabarmendu du.