Atzo onartu zuen Espainiako Gobernuak alarma egoera ekainaren 7ra arte luzatzea, eta 6 urtetik gorako herritarrek alarma egoerak irauten duen bitartean erabili beharko dute maskara, gune itxietan nahiz pertsonen artean bi metroko distantzia mantendu ezin den gune irekietan. Esaterako, garraio publikoan, bide publikoan, terrazetan eta zenbait lanpostutan…
Salbuespen gisa, ez dute maskara erabili beharrik izango arnasa hartzeko arazoak dituztenek edo beren osasun egoeragatik nahiz mendekotasunen bat dutelako maskaren erabilerak kalte egin diezaieketenek. Aldiz, 3 eta 5 urte bitarteko haurrentzat, gomendagarria izango da maskararen erabilera, baina ez derrigorrezkoa.
Zenbaitentzat maskara janztea arraroa izango den arren, herritarrek ohitura berrira moldatu beharko dute pixkanaka, alarma egoerak irauten duen bitartean, behintzat.