24 udal baratze gehiago daude Munantxon

Zarauzko Hitza 2020ko mai. 22a, 13:16

Guztira, 179 udal baratze ditu gaur egun Zarauzko Udalak, eta horietako batzuk eskuragarri daude oraindik. Interesa dutenek izena eman dezakete HAZen.

Duela 10 urtetik, Zarauzko Udalak udal baratzeak ditu herritarren eskura Munantxon. Maiatzaren hasierara arte 146 baratza ziren, baina horien erabilera berrikusi ondoren, 24 gehiago ditu orain. Beraz,179 dira guztira; EAE osoan baratze gehien dituen udalerria da.

Patxi Elola udal baratzeetako zinegotzi arduradunak adierazi duenez, "oraindik badaude batzuk eskuragarri. Interesa duenari izena emateko deia egiten diogu. Kontuan hartuta zein egunetan gauden, kontzesioa berehalakoa izango da, uda honetako uzta prestatu eta aprobetxatu ahal izateko".

Interesatuek Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZen) eman behar dute izena, Kale Nagusiko 29 zenbakian, behean; edozein zalantza argitzeko 943-00 51 00 telefono zenbakira deitu daiteke. Baratze bat lortzeko ezinbestekoa izango da Zarautzen erroldatuta egotea, eta, behin lortutakoan, behar bezala erabiltzeko eta funtzionatzeko udal-ordenantza bete beharko da.