Etxeetan eta espazio publikoan biltzeko aukera izango da astelehenetik aurrera

Amaia Urbieta Arruti 2020ko mai. 23a, 13:49

Arinaldiaren 2. fasean sartuko da Hego Euskal Herria astelehenean, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jarraitu beharreko arauak jakinarazi berri ditu Eusko Jaurlaritzak. Besteak beste, ordutegien mugak desagertuko dira hein batean, eta gehienez 15 pertsona biltzeko aukera izango da, beti ere, segurtasun neurriak errespetatuta

Arantxa Tapia Garapen eta Azpiegitura sailburuak eta Nekane Murga Osasun sailburuak jakinarazi berri dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoan datorren astelehenetik aurrera izango diren arau aldaketak. Printzipioz, datuen bilakaerak positiboa izaten jarraitzen badu, ekainaren 7ra arte luzatuko da bigarren fasea.

Ordutegiei dagokienez, mugikortasuna ez da orain arteko orduetara mugatuko. 70 urtetik beherako herritarrek edozein ordutan ateratzeko aukera izango dute kirola egitera edo paseatzera, 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara izan ezik. Ordu tarte horiek 70 urtetik gorakoek kirola egiteko izango dira. Dena den, erosketak egitera edo tabernetara edozein ordutan joateko aukera izango dute horiek ere. Orain arte bezala, bizilekua ezarritako probintzia barruan mugitu ahalko da, eta probintzia batetik bestera mugitzeko aukera bakarrak arrazoi sozioekonomikoak edo menpekotasuna duten edota pertsona adinduen bisitak izango dira.

Etxeetan, lokal pribatuetan edo erabilera publikoko lekuetan jendea elkartzea ere baimenduta egongo da astelehenetik aurrera. Gehienez 15 pertsonak ahalko dute bildu, eta beti jarraitu beharko dira segurtasun arauak: bi metroko distantzia eta higiene neurriak.

Taberna, jatetxe eta saltokiak

Ostalariek lokalen barruan zerbitzua eskaini dezakete astelehenetik aurrera, edukieraren %50arekin. Barruan ere, beharrezkoa izango da bi metroko distantziak mantentzea mahaitik mahaira, eta bezeroek une oro eserita egon beharko dute. Terrazetako jarduerak, berriz, orain arte bezala jarraituko du.

400 metro koadro baino gehiago dituzten saltoki handiak irekitzea ere baimenduta egongo da, baina horietan edukieraren %40 soilik sartu ahalko da. Soziedadeak erabiltzea ere posible izango da astelehenetik aurrera, baina ostalarien baldintza berdinak bete beharko dituzte. Alegia, edukieraren erdia soilik egon ahalko da bertan, eta garbitasun eta desinfekzio arau zorrotzak jarraitu beharko dituzte.

Kultura eta aisialdia

Kultura eta aisi jarduerak berrezarriko dira datorren astelehenetik aurrera. Museoak zabalduko dituzte, horiek ere, %50eko edukierarekin, eta zineetan eta bestelako aretoetan aforoaren herena edo, gehienez, 50 pertsona sartu ahalko dira. Mendi ibilaldiak eta naturarekin lotutako aisiko jarduerak ere baimenduta egongo dira, gehienez, 20 pertsonako taldeetan.

Hezkuntza

Astelehenetik aurrera hezkuntza eta formakuntza berriro martxan jartzeko baldintzak argitaratu dituzte gaurko EHAAn, Tapiak jakinarazi duenez. Bertan jasotzen dira batxillergoko lehen eta bigarren mailak eta lanbide heziketako gradu guztietako lehen eta bigarren mailak ikasgeletara itzuli ahal izateko baldintza eta irizpideak.

Era berean, bigarren fasean bestelako hezkuntza arloak ere berrartuko dira. Euskaltegiak, formakuntza eskolak edo arte eta kirol eskolak, esaterako, aurrez aurreko jardunarekin hasteko moduan izango dira astelehenetik aurrera.

Tapiaren esanetan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa “sendo eta lasai” igaro dira bigarren fasera, baina herritarrei pazientzia eta ardura eskatu dizkie, eta azpimarratu du benetan garrantzitsua dela guztiek segurtasun eta higiene neurriak errespetatzen jarraitzea. “Guztiok gara kontziente esfortzu handia egin dugula, eta bigarren fase honetara pasatzeak esan nahi du guztiok erantzukizunez jokatu dugula. Dena den, pazientzia eta erantzukizuna eskatzen dugu, oraindik bidea geratzen zaigu”.