Alex Gurrutxaga: "Automatizatu egiten ditugu pixka bat gure artistak"

Aritz Mutiozabal 2020ko mai. 27a, 09:44

Alex Gurrutxata. (Utzitakoa)

Eusko Ikaskuntza Gazte Saria jaso du Alex Gurrutxagak (Zarautz, 1988), Joana Otxoa de Alaizarekin batera, ‘Aberriaren poeta kantaria. Xabier Leteren obraren berrirakurketa bat’ lanari esker.

Ezustean etorri den saria al da ala horren bila joan zarete?
Horren bila, bai eta ez. Lortzeko desioa bageneukan eta saiatu ere egin gara, baina oso zaila da. Horrelako sariak daudenean, jende asko aurkezten da, eta gauza interesgarri ugari produzitzen da gure herrian. Orduan, ez genuen gehiegi espero.  Egia da lehendik geneukala Leteri buruzko lan bat egiteko asmoa, eta horretan ari ginela, pare-parean  sariketa etorri zenez, aurkeztera animatu ginen. Eta haizea aldeko suertatu da. 

Gainera, epaimahaiak aho batez aukeratu du zuen lana.
Hala da, eta oso pozgarria da guretzat. Norberak duen ideia bati beste norbaitek babesa ematea bezala da. Gehienoi gertatzen zaigu gogorrenak gu geu izaten garela  geure buruarekin. Orduan, beste norbaitek esaten dizunean egin duzun hori ondo dagoela eta aurrera egin dezazula, bada etxafuegoak botatzeko moduan zaude!

Izenburuarekin batera, Xabier Leteren obraren berrirakurketa bat  nabarmendu duzue. Berrirakurketa hori zertan oinarritzen da?
Hitz gakoa izan daiteke berrirakurketa edo nahi bada berbisitatzea. Zenbat aldiz pasatzen zaigu sortzaile ezagunak ezagutzen ditugula –berdin dit Lete den edo joan zirenez ari baldin bagara, pentsa dezagun Mikel Laboa, Lourdes Iriondo, Joxanton Artze, Jose Luis Zumeta...–, eta musikarien kasuan entzuten ditugula beraien kantuak behin eta berriro, baina gero benetan ez diegula denbora pixka bat eskaintzen beraien obrara gerturatzeko, beraien koadroak lasaiago ikusteko edo beraien liburuak patxada gehiagorekin irakurtzeko. Eta musikaren kasuan, zergatik ez denbora eskaini entzutera eta pentsatzera zer esaten ari den. Pixka bat automatizatu egiten ditugu gure artistak. Beraz, erabaki genuen Lete berrirakurtzea. Oso egile ezaguna da, mundu guztiak ezagutzen du Xalbadorren heriotzean abestia, baina goazen hartzera tartetxo bat pentsatzeko artista horretaz, bere obraz eta abar. Ez da Leterekin bakarrik egin dezakegun zerbait, beste hainbatekin ere egin dezakegu, baina helburua hori litzateke. Horregatik da berrirakurketa edo berbisitatze bat.

Alde horretatik, abantaila txiki bat edo handi bat baduzu. Hain justu ere, doktore tesia Xabier Leteren poetikari buruz ondu duzu; sei urteko lanaren ostean, martxoan aurkeztu zenuen.
Justu-justu libratu nintzen, gainera! Izan ere, tesia defendatu eta egoera zail hau hasi zen. Egia da sei urte izan direla, baina hor tartean sartzen dira beste mila gauza, eta tesiaz aparte egiten dituzu beste hamaika endredo. Orain, sei urteren ondoren, ematen dizu patxada, asko ikasiaren sentipena eta Leteren obra ondo ezagutzearen lasaitasuna. Horrek ez du ziurtatzen gero hasten zarenean dibulgatzen edo jendeari eskaintzen zerbait Leterengana gerturatzeko automatikoki ongi egingo duzunik. Edonola ere, Lete oso ongi ezagutzen dugu, bere letrak, bere musika... Nik zortea dut bere artxibo pertsonala ezagutzekoa, eta horrek ematen dizu, behintzat, obra ongi ezagutzearen eta ikertu izanaren abantaila. Baina esaten dudana, gero ikusi egin beharko da jendeari modu atsegin batean nola transmititzen diogun, haiek  gozatzeko eta, aldi berean, zerbait ikasteko.

Zuen lanak hanka bat dibulgazioan izango duela eta bestea artistikoan nabarmendu zenuten lehiaketara helarazi zenuten proposamenean. Nola uztartuko dituzue?
Gorpuztea falta zaigu oraindik, baina asmoa da bi alderdi horiek gogoan izatea. Jendeari proposatu nahi diogu Leteren obra bisitatzeko modu bat. Irudi batekin esateko, irakurle-entzuleari zera azalduko bagenio bezala: «Eman diezaiogun elkarri eskua eta eman dezagun buelta bat Leteren poetikan». Hor, alde batetik, dibulgazioaz ari gara, eta, orduan, modu errazean eta atseginean transmititu behar dugu jakintza. Ez dugu inor gogaitu nahi. Ez gara adituentzat ari, ezta akademikoentzat ere. Azalpenek egon behar dute, baina irensgarriak izan behar dute. Era berean, produktu ‘artistiko’ bat den neurrian, izan dadila estetikoki ere zaindua. Hor Joanaren eskuek asko kontatzen dute, piano-jotzailea baita bera. Egitea zerbait ederra, musikalki landua, testuak ongi orraztuta... Azkenean, obra baten berrinterpretazio bat da, baina aldi berean bada bere horretan ‘lan artistiko bat’. Badu zerbat artera gerturatzen dena. Horregatik iruditzen zaigu bi alde horiek zaindu egin behar direla.

Errezitaldi musikatu bat garatuko duzu, eta, horrekin batera, disko-liburu bat. Baina, esan bezala, ez da ohiko errezitaldi bat izango.
Errazena izan daiteke hartzea Leteren poema batzuk eta musikarekin errezitatzea, baina iruditzen zaigu dibulgazioaz ari garen neurrian, azalpena ere beharrezkoa dela. Xalbadorren heriotzean denok ezagutzen dugu, kantatu dezakegu nahi izanez gero eta ongi dago, baina interesatzen zaiguna da Xalbadorren heriotzean ezagutzen duen jende horri zera azaltzea: «Ohartu zara kanta honetan hau esaten duela? Eta garai honetan idatzia dela? Eta badauzkala Leteren poetikaren halako ezaugarriak ere?». Ea lortzen dugun gurekin tartetxo bat egon eta gero, Xalbadorren heriotzean ezberdin entzutea, eta zerbait gehiago jakitea. Era berean, nahiko genuke Leteren begiradara eta belarrira joan; hau da, zer irakurtzen zuen eta zer entzuten zuen jakitera eman, bere munduan sartu.

Automaten moduan kantatzen al du jendeak Xalbadorren heriotzean, Izarren hautsa eta Habanera?
Autokritika edo pixka bat autobarrea egin beharko bagenu, Euskal Herria oso herri kantaria da eta oso ohituta gaude omenaldiak, kantu kolektiboak eta katarsi kolektiboak egitera. Nik beti esaten dut tarteka zerbait ikasi ere egin beharko genukeela, gure artisteei begirako omenaldirik onena izaten da egin zuten hori ikastea. Ez dut esaten adituak izan behar dugunik, baina bai urrunago joan. Baina, bai, ematen dit inpresioa kanturako joera dugula –eta hori oso ongi dago, komunitate oso bat sortzen duelako, noski–, baina guri dagokigu esatea gordetzeko tartetxo bat eta beste modu batera pentsatzeko. Hori da gure gonbidapena. 

Noizko taularatzeko asmoz duzue ikuskizuna? Eta argitaratzekoa disko-liburua?
Egia esan, oso zaila egiten zaigu. Jendearen aurrean aurkeztu nahiko genuke, baina egoera honetan pentsatzen hasteak ere lanak ematen ditu. Gero, disko-liburua kaleratzeko aurtengo eta hurrengo urtea ditugu. Abenduan hamar urte beteko dira Lete hil zela, eta logikak esaten du garai ona izan daitekela, baina egoera normalizatu ezean, hori gorpuzten hastea ez da erraza izango. Hala ere, ez genuke luzatzen utzi nahi.