Zazpigarren egunez jarraian ez dute kasu berririk zenbatu Gipuzkoan

Hamabi kasu berri zenbatu dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; hamar Bizkaian eta bi Araban. Hiru lurralde horietan hildakoak azken 24 orduetan sei izan dira.

Zazpigarren egunez jarraian, Osakidetzak ez du koronabirus kasurik hauteman Gipuzkoan. Kutsatzeei dagokienez, hamabi kasu berri atzeman dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; hamar Bizkaian eta bi Araban. Azken 24 orduetan hildakoak, berriz, sei izan dira lurralde horietan, atzo baino bat gehiago.

Azken egunetan COVID-19 gaitza atzemateko proba gehiago egiten ari da Osakidetza. Atzo, esaterako, 4.996 proba egin zituen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: 3.543 PCR proba eta 1.453 test azkarrak. Datu ofizialen arabera, kontaketa hasi zutenetik 19.578 positibo zenbatu dituzte hiru probintzia horietan, eta pertsona horien %90,4k jaso dute senda-agiria (17.702). Kutsatutakoen %7,7 hil da guztira: 1.511 pertsona. Bestalde, 27 lagun daude ZIUn ospitaleratuta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, atzo baino bat gutxiago. Horrez gain, Osakidetzak emandako datuen arabera, kutsatu bakoitzak 0,62 pertsonari pasatzen dio birusa gaur, birusak mantentzeko behar duen kopurutik (1) behera.