Ekainaren 1ean hasiko da berriro Zumaia eta Deba arteko tren zerbitzua

Zarauzko Hitza 2020ko mai. 28a, 08:28

Iazko azaroan moztu zen Zumaia eta Deba arteko tren zerbitzua Sakoneta II tunelean luizi handi bat izan ondoren. Ordutik bi herrien arteko lotura autobusez egin dute. Lanak amaituta, astelehenean ekingo zaio berriro tren zerbitzuari.

Luiziak trenbidea estali eta tunelerako sarbidea oztopatu zituen. 1901. urtean egindako tunelak 297 metroko luzera du. Mendiaren magalaren egoera epe luzean bermatuko lukeen soluzioa diseinatu behar izan zen.

Lanaren arduradunek adierazi dutenez, trenbideko zerbitzua moztuta zegoenez, obrari premiazko izaera eman zitzaion. Hasteko, trenbidearen zati bat desmuntatu zen, makineria astuna sartzea ahalbidetzeko. Ezponda egonkortzeko ainguraketak, mikro-piloteak eta hormigoi proiektatua erabili ziren.

Tunela eusteko lanek beste arazo bat zuten: duen ferra forma dela eta, galiboek, alboetakoek eta altuerakoek, katenaria jartzeko oso tarte txikia zuten, eta gainera ingurune naturalean, Euskal Kostaldeko Geoparkearen barruan, zegoen.  

Zerbitzua berriro irekitzeko gauzatu diren azken lanak trenbidea jartzea, katenaria instalatzea eta seinaleztapenak kontrolatzen dituzten komunikazioen berrezarpena izan dira.

Azken asteetan trenbidea mantentzeko eta berriztatzeko, garbitzeko, sastrakak kentzeko eta ezpondak eusteko lanak ere egiten aritu direla azaldu dute arduradunek, gune zabalean, Sakoneta II tunelaren alde batean eta bestean, linea zerbitzurik gabe dagoela eta lanak egunez egin daitezkeela baliatuz.

Lanek 3,6 milioi euro inguruko gastua eragin dute, eta horietatik 1,2 milioi euro autobusak erabilita egin diren ordezko bidaietarako erabili dira. Halaber, Euskal Trenbide Sareak azaldu duenez, 1.400 metro trenbide berriztatu dira, 3.000 metro kubiko lur hondeatu eta hondakindegira eraman dira, eta 400 metro lineal mikropilote, 1.400 metro lineal buloi eta 800 metro zertxa erabili dira, guztiak ere eusteko lanak egiteko.

Neguko ordutegia

Zerbitzuari dagokionez, Euskotrenek neguko ohiko ordutegia ezarriko du berriro datorren astelehenetik aurrera, larunbat gauetako trenei dagokienez izan ezik. Ekainaren 1etik bertan behera geratuko dira, baita ere, obrak egiten ari ziren bitartean, ordezko garraio zerbitzuaren zain denbora gehiegi ez egoteko, Zumaia eta Amara artean asteburuetan eta jaiegunetan ematen ari ziren zerbitzuak. Horrela, kostaldeko lineako maiztasuna 30 minutuz behingoa izango da lanegunetan eta ordutebetez behingoa larunbat, igande eta jaiegunetan.