Aforoa mugatuta irekiko dute astelehenean Sanz Enea kultur etxea

Zarauzko Hitza 2020ko mai. 29a, 14:23

Atezain batek kontrolatuko du sarrera, eta, oraingoz, goizez bakarrik egongo da zabalik, 09:00etatik 15:00etara; maskararen erabilera derrigorrezkoa izango da. Hurrengo asteburuan, ekainaren 5-6an, Torre Luzea aretoa eta Arte eta Historia Museoa zabalduko dituzte.

Bi hilabete eta erdiz itxita egon ondoren, astelehenean zabalduko ditu ateak Sanz Enea kultur etxeak, behin zerbitzuaren segurtasun eta higiene neurriak adostuta eta martxan jarrita. Momentuz, goizeko ordutegian bakarrik  zabalduko dute, 09:00etatik 15:00etara, eta maskararen erabilera derrigorrezkoa izango da eraikin barruan. Sarreran gel hidroalkoholikoa egongo da erabiltzaileek sartu aurretik eskuak garbitzeko.

Gainera, aforoa mugatua izango da, eta atezainak kontrolatuko du. Helduen liburutegian hamahiru pertsonek egon ahalko dute gehienez ere une berean; hau da, lau lagun irakurketa tokietan, bost ordenagailuetan (ordubete gehienez)  eta beste lau liburu maileguan. Haur liburutegian, aldiz, mailegua egiteko aukera izango da bakarrik. Aforoa hiru lagunetara mugatu dute, eta adin txikikoek heldu batekin joan beharko dute. Horrez gain, maileguan eraman nahi diren liburuak aldez aurretik telefonoz edo emailez eskatzeko aukera egongo da.

Kultura departamendua ere aurrez aurreko arreta egiten hasiko da Sanz Enea kultur etxean. Horretarako, hitzordua eskatu beharko da kultura@zarautz.eus helbidera idatzita edo 943-00 51 20 telefono zenbakira deituta.

Bestalde, ikasgela itxita egongo dela jakinarazi dute, baita eraikineko komunak ere. Edonola ere, garbiketa zerbitzua indartuko egingo dutela nabarmendu dute.

Kultur eraikinak, datorren astetik

Sanz Eneaz gain, herriko beste kultur eraikinek ere ateak zabalduko dituzte datorren astetik aurrera. Ekainaren 5-6ko asteburuan, esaterako, Torre Luzea aretoa irekiko dute Zarauzko Argazkizale Elkartearen erakusketa kolektiboarekin. Erakusketa egunero irekiko da, 18:00etatik 20:00etara, eta afororaren kontrola egingo dute sarreran, higiene neurriak bermatu; maskararen erabilera derrigorrezkoa izango da, baita 2 metroko tartea mantentzea ere. Arte eta Historia Museoa ere ekainaren 5ean irekiko dute..

Beste kultur eraikin guztiei dagokionez –Villa Munda, Vista Alegre Musika lokalak, Ebro Etxea eta Modelo aretoa–, beraien irekiera aztertzen jarraituko duela dio udalak datozen faseei begira.

Ekitaldi eta kontzertuen daten inguruan, Kultura zinegotzi Irune Urbietak adierazi du udaberrirako kontratatuta zituzten konpainiekin eta artistekin "hartutako konpromisoa mantentzen" dutela. "Koronabirusaren ondorioz dataz aldatu diren ekitaldiak, udazkenera pasa ditugu eta datak aurrerago adieraziko dira”.  Era berean, uztailaren 1etik eta 31 bitartean bertan behera geratu diren ekitaldietako sarreren dirua jaso ahal izango dute herritarrek Sanz Enean bertan. Informazio gehiagorako kultura@zarautz.eus helbidera idatzi daiteke edo 943-00 51 20 telefonora deitu.