Andoni Egañak Txapelketa Nagusian egindako ibilbidea errepasatuko dute bihar ETB1en

Zarauzko Hitza 2020ko mai. 30a, 17:38
Andoni Egaña eta Jon Artano kazetaria, 2013an, erreportajearen une batean

Saioa ez da berria, 2013an botatako programa berezia baizik. Zarauztarrak 1985etik 2009ra egindako ibilbide luze eta oparoa jaso zuten saio hartan, eta bihar berriz ikusteko aukera izango da.

Andoni Egaña bertsolari zarauztarrak 1985eko azaroaren 2an, Azkoitian, kantatu zuen lehen bertsoa Txapelketa Nagusian; azkena, berriz, 2009ko abenduaren 13an, Barakaldon. Zazpi txapelketa eta zazpi final jokatu ditu guztira Egañak, eta baita lau txapel jantzi ere.

2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren atarian, Hitzetik Hortzera saio berezia eskaini zioten zarauztarrari. Jon Artano kazetari zestoarrak elkarrizketa mamitsua egin zion txapelketako ibilbidearen inguruan: oroitzapenak, gogoetak, pasadizoak… izan zituzten ahotan.

Saioaren arduradunen hitzetan, "igande honetako programan, txapelketa horietako finaletan Egañak egindako lanik onenak ere entzuteko aukera egongo da: Anjel Mari Peñagarikanorekin egindako amonaren poltsa beroaren ofiziokoarekin hasi, eta BECen aulkiak jartzera etorriko zela iragartzen zuenekora arte". Saioa 15:00etan hasiko da bihar, ETB1en.