Gutuna: "Eraso matxistarik ez! Elkarrekin ekin!"

Zarauzko Hitza 2020ko eka. 4a, 11:52

Ainhize Muniozgurenek eta Ekhine Eizagirrek ondorengo oharra bidali dute, Zarauzko Bilgune Feministaren izenean, abenduko eraso matxistaren inguruan.

Hasteko eta behin gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diogu iazko abenduan erasoa jasan zuen herritarrari.

Eraso honekin berriz ere agerian gelditu da indarkeria matxista egiturazkoa dela eta bizitza sozialeko espazio guztiak zeharkatzen dituela.

Oso ausarta iruditzen zaigu, erasoa salatu eta normalizatuta ditugun jarrerak kuestioan jarri izana. Horrek balio behar du, emakumeok ahaldundu eta isilik ez geratzeko eta erasotzaileak ez ezik, gizonek oro har, beraien jarduna eta jarrera hausnartzeko (nola okupatzen dituzten espazioa, nola harremantzen diren, ze botere eta pribilegio dituzten...).

Mugimendu feministak urtetan egindako lanari esker, ezker mugimendu batzuetan eraso sexistei aurre egiteko protokoloak eta prozedurak martxan jartzea lortu da. Haatik, badakigu, eraso egoerak kudeatzeko prozesuak konplexuak direla. Eraikitzen joan beharreko bideak dira, hutsuneak, oztopoak eta zailtasunak identifikatu eta horiei erantzuteko konponbideak bilatuz. Horregatik uste dugu prozesu honetatik ere ikasi dugula eta ikasten jarraitu behar dugula.

Bide horietan, eragile desberdinetako feministen babes sarea osatzea eta elkar ekitea hori errazteko eta elkar babestu eta zaintzeko aukera dela uste dugu. Garrantzitsua deritzogu, prozesuak iraun bitartean, erasotuaren beharrei kasu egitea. Era berean, gisa honetako erasoak, asko pairatzen ditugula badakigu, eta horregatik prozesuak izaera kolektiboa izan behar duela uste dugu.

Saiatu garen arren, ez dugu lortu erasotua guk nahi bezala babestua sentitzea. Inoiz ez da berandu eta hitz hauekin adierazi nahi dugu gure ateak irekita daudela, erasoa jasan duenarentzat eta bere inguru hurbilarentzat.

Bide horretan, bilgune feministako kideok, erasoa salatzeko, gaurko mobilizazioan parte hartuko dugu. Horrez gain gure borondate osoa adierazten dugu, erasotua babestuta bidea elkarrekin egiteko, eta herrian indarkeria matxistaren lanketarekin jarraitzeko.

GORA BORROKA FEMINISTA!
ZARAUZKO BILGUNE FEMINISTA!!!