'Erosi Zarautzen!' kanpaina jarri dute martxan, herrian kontsumitzera bultzatzeko

Zarauzko Hitza 2020ko eka. 6a, 11:30
'Erosi Zarautzen!' kanpaina aurkezpena. (Zarauzko Udala)

Kanpainak 'emoti-toldo' bat izango du protagonista, eta bideoak, kartelak eta photocall-ak egingo dituzte, besteak beste. Udalak abiarazi du egitasmoa, Murkilekin eta Zurekinekin elkarlanean.

Erosi Zarautzen! kanpaina jarri du abian Zarauzko Udalak, Zurekin ostalarien elkartearekin eta Murkil dendarien elkartearekin batera, eta herritarrak tokiko kontsumoaren garrantziaz kontzientziatzea eta sentsibilizatzea du helburu. "Krisi honetan bizi dugun egoera eta COVID-19aren ondoren biziko duguna oso garai gogorrak izango dira. Gure herriari bizia ematen dioten negozio txikiek guztion babesa beharko dute", adierazi du Iker Basurkok Garapen Saileko zinegotziak.

Lau Pauso enpresak diseinatu du kanpaina, eta bizirik gabeko Kale Nagusian kolorea, alaitasuna eta indarra transmititzen dituen emoti-toldo bat du protagonista. Konposizioak "pixkanaka gainditzen ari garen etaparen tristura" jasotzen duela azaldu du zinegotziak, eta  hemendik aurrera datorren etaparentzat "itxaropena piztu" nahi dutela.

Kanpainaren leloa zehatza da Eman bizia zure herriari. Erosi Zarautzen!, eta hainbat elementu izango ditu. Esaterako,  bideo bat zabaldu berri dute, eta beste argitaratuko dute datozen egunetan; lehenak hausnarketa du xede, eta bigarrenak ekintza. Horrez gain, 1.000 kartel banatu dituzte herriko negozioen artean, mezua markesinetan ikusi ahal izango da, eta hiribusak ere mezua zabalduko du hiru hilabetez. Bestalde, haurrentzat eta helduentzako photocall bat ere prestatu dute emoti-toldoaren ondoan argazkiak ateratzeko. Era berean, emoti-toldoaren GIFa ere bidaliko da, herritar guztiek erabil dezaten.

Terrazen tasen konpentsazioa ere onartuko dute aurki. Suspertze eta Modernizazio Bulegoa martxan jarriko da, eta bertatik programatutako ekintzak garatzen jarraituko dute: merkataritzarako bonuak, Murkil eta Zurekin elkarteen sustapena, bi sektoreen arteko salmenta gurutzatuko ekintza eta abar.