Zarauzko 'mozkorra' Londresko National Galleryra

Aritz Mutiozabal 2020ko eka. 10a, 18:06

'El Borracho, Zarauz (Mozkorra, Zarautz)'. (Joaquin Sorolla)

Joaquin Sorolla margolari valentziarrak 1910ean herriko taberna batean margotutako koadroa erosi du berriki Londresko arte museo nagusiak. Ohiko hondartza eta paisaietatik kanpo, giza alderdia erakusten duen margolana da.

Londresko National Galleryk Joaquin Sorolla (Valencia, 1863 - Madril, 1923) margolariak eginiko obra bat bereganatu du lehen aldiz. Artelanaren izena El borracho, Zarauz (Mozkorra, Zarautz) da, 1910an margoturikoa, eta 325.000 liberagatik –365.000 eurogatik–erosi du; David Medd arkitektuak utzitako legatuari esker posible izan da erosketa. Koadroa galeriako 41 aretoan jarriko dute erakusgai Europako eta AEBetako beste margolan garaikide batzuekin batera. Baina zer du berezia artelan honek?

Eskala handiko bozeto bat da, Sorollak modu azkarrean garatu zuena Zarauzko taberna batean, 1910ean eginiko egonaldi batean. Irudia iluna eta dramatikoa da, eta edanda dagoen gizonezko bat da erretratuaren ardatz nagusia, ezkerretara bi lagun dituela mahai ondoan. Protagonistak eta lagunetako batek ikusleari begiratzen diote zuzen-zuzen, margolariari. Ezagutzen diren Sorollaren Zarauzko margolan gehienak hondartza irudikatzen dute, edo aristokraziaren udaldia kostaldean, arropa argiekin eta eguraldi eguzkitsuarekin. Mozkorra obran, aitzitik, herritar xehea agertzen da, argitasun gutxirekin, bestelako giro batean.

"Asmo sozial handia"

EHUko Arte Ederretako Fakultateko Artearen Historiako irakasle Ismael Mantelora zumaiarraren esanetan, "Sorollaren alderdirik ezagunena hondartzak eta paisaiak dira, baina oker ez banago bere hasierak pintura sozialaren aldekoa zen, eta, gainera, bere koadro ezagunenetako bat, arrantzaleak eta irudikatzen dituena, Y luego diran que el pescado es caro  (Eta gero esango dute arraina garesti dagoela) izenburua du. Esan nahi du horrekin asmo sozial handi bat dagoela".

Zentzu horretan, Londresko National Galleryk erosi berri duen koadroak es du "horrenbeste harritu" Manterola. Horrekin lotuta, gogora ekarri du Bilboko Arte Ederren Museoan margolari valentziarrari monografiko bat eskaini ziotela, tankera eta giro bertsuko obrekin, eta errezeloa duela aipatu koadroa bertan ikusi izana. 2012an izan zen hori, eta ez dabil batere oker: Mozkorra bertan jarri zuten erakusgai, besteak beste, Asando sardinas en Zarauz (Sardinak erretzen Zarautzen) lanarekin batera; koadro hori ere 1910ean eginikoa da.

'Asando sardinas en Zarauz (Sardinak erretzen Zarautzen)'

Urte jakin horretan Zarautzen ibili zen, bere familiarekin. Manterolak dio oporretan etortzen zela Euskal Herrira, eta Donostian ere egiten zuela egonaldia: "Igeldoko magalean dagoen Villa Sorollan bizi zen. Gaur egun ere han jarraitzen du etxebizitzak". Nazioartean sona handiena izan zuen garaia izan zela hura dio EHUko irakasleak: "AEBetan izugarrizko arrakasta izan zuen 1909an, eta horri esker, Hispanic Societyren enkarguz koadro erraldoi batzuk margotu zituen". Beraz, bere unerik gorenean ere ez zuen galdu pintura sozialerako zuen konpromisoa. Orain, taberna zulo hartan topatu zituen zarauztar haiek Londresko areto batean egongo dira gerturatzen diren haiei begira.