Modu alternatiboan ospatuko dituzte Zelai Ondoko jaiak

Zarauzko Hitza 2020ko eka. 11a, 21:00

San Joan Surik ez da izango aurten. Horren horrez, herritarrak modu sinbolikoan kandela bat piztuta balkoira edo leihora atera daitezen eskatu dute.

"Aurtengoa ezberdina izango da".  Zelai Ondoko Jai Elkarteak jakitera eman du aurten ez direla auzoko festak "bere osotasunean" ospatuko, pandemiaren eragindako egoerak hala baldintzatu duelako. Edonola ere, jai altenartiboak antolatu dituzte: eguna nagusia hilaren 20ean izango da, eta hilaren 23an, San Joan bezpera ezberdin bat prestatu dute, surik gabe.

"Osasuna beste guztiaren aurretik jarri behar dugun honetan egitarau alternatibo batekin gatoz, umoreak eta festa giroak egoera hobetzen lagundu dezakeenaren itxaropenarekin", nabarmendu dute.

Hori horrela, San Joan bezperako magia mantendu nahi dute, "oroitzapen txarrak uxatu eta hobeei ongi etorria emateko". Baina modu sinboliko batean ospatuz.

EGITARAUA
Ekainak 20, larunbata
09:30. Txupinazoa eta Goizeko Ihintza txistulariak auzoan.
- Apaindu auzoa! egitasmoa, balkoiak eta leihoak apaintzeko. Argazkiak 637 93 27 19 zenbakira bidali behar dira. Sariak izango dira.
- Haur txoko birtuala.
10:00. Ogitarteko txapelketa, Itxas-Lurrek babestuta. Argazkiak 645 71 41 95 zenbakira bidali behar dira. Epea 12:00etan amaitzen da; 12:30ean, hiru finalisten izena jakinaraziko dute sare sozialetan; eta 13:00etan, finalistek beren ogitartekoa Itxas-Lurren aurkeztu beharko dute.
14:00. Suziriaren ondoren, Unbleble herrikoia.

Ekainak 23, San Joan bezpera, asteartea
- San Joan Sua etxetik modu sinbolikoan ospatuko da. Urtero bezala hiru suziri botako dituzte: 21:45ean, 21:55ean eta 22:00etan. Hirugarren suziriarekin batera, balkoietara eta leihoetara ateratzera proposatzen dute eta bakoitzak bere kandela piztuta.
- 22:15etan, azken suziriarekin batera, txalo zaparra batekin emango zaie bukaera jaiei