80 negoziok baino gehiagok egin dute bat 'Erosi Zarautzen 2020' bono programarekin

Zarauzko Hitza 2020ko eka. 18a, 16:22

Ekainaren 22ra arte luzatu dute negozioentzat kanpainan parte hartzeko epea.

Herriko negozioak ondo ari dira erantzuten 'Erosi Zarautzen 2020' udalaren kanpainaren aurrean. Bono programa martxan jartzea izango da kanpainaren lehen urratsa, eta gutxi barru sartuko dira indarrean bonoak. Herriko 80 negozio baino gehiagok eman dute izena kanpainan, eta izena emateko epea apur bat zabaltzea erabaki du udalak, ekainaren 22ra arte.

Kanpainan parte hartu dezakete alarma egoeran ateak itxita izan dituzten edo aurreko urtearekin alderatuta (denbora tarte berean) irabazietan %40ko edo gehiagoko galerak izan dituztenek. Negozio horiek bezeroei zuzenean emango dizkiete bonoak, eta horiek 30 euroko erosketa minimoa egiten dutenean, 20 euro ordaindu beharko dituzte, eta gainontzeko 10 euroak udalaren gain geratuko dira. Guztira, 90.000 euroko inbertsioa egingo du udalak, 30 euroko balioa duten 9.000 bonotan.

Programan parte hartzeko negozioek Zarauzko Udalaren web orrialdean edo Merkataritza/Garapen Arloko Bulegoan (Salegi Kalea 14) eskuragarri izango den dokumentua bete eta entregatu beharko dute, aurrez aurre bulegoan zein emailez ( gatc@zarautz.eus ). Bulegoaren ordutegia 9:30etik 15:00era izango da.