Kudeaketaren atzeko interesak

Amaia Urbieta Arruti 2020ko eka. 19a, 09:40

Zer azaldu da COVID-19az? Zer ezkutatu? Zeren aldeko erabakiak hartu dira? Hizpide mamitsuzko mahai ingurua osatu dute aditu zarauztarrek, ikuspegi feministatik. 

Eztabaidagai indartsuz hornitutako mahai ingurua izan da ikusgai bart Erlo Telebistan. Zarauzko Bilgune Feministak bultzatuta, Ahotsak Erdigunera solasaldia eskaini dute; COVID-19aren bueltan gertatutakoaz eta haren kudeaketaz hausnartzeaz gain, aurrera begira uneko testuinguruak eskaintzen dituen aukerez ere trukatu dituzte iritziak. Saioa Iraola Zarauzko Bilgune Feministako kidearen gidaritzapean, Aitziber Sarobe biologoa eta Ana Galarraga zientzia komunikatzailea aritu dira beren ikuspegia azaltzen, "errelato kolektiboa" osatzeko bidean.

COVID-19a teknikoki "iragarritako arrisku baten gauzatzea" da Galarragaren arabera. Zientzia munduan jakinekoa zen pandemia bat helduko zela, faktore askok hala iragartzen zutelako, baina inork ez zekien noiz helduko zen. "Ekosistemak orekan egoten dira, eta guk asaldatzen baditugu sistemek erantzun egiten dute". Horrez gain, "lupa eta tapaki" funtzioa bete du aldi berean gaitzak zientzia komunikatzailearentzat; luparena, lehendik zetozen arrakalak ageri-agerian geratu direlako eta tapakiarena, beste hainbat auzi estaltzeko tresna izan delako.

Sarobe asko hausnartzera eraman du COVID-19ak. Bere ustez, une honek eman beharko luke biologiaz, birusetaz eta horiek eragindako gaitzez hitz egiteko beta. "Baina ez dugu aprobetxatu. Bazen aukera gizartearen antolaketaz hitz egiteko ere: zaintzaz, feminismoaz...". Biologoak komunikazio moldeak izan du hizpide zeharka mahai inguru osoan zehar. Gogor kritikatu du hedabideek izan duten jokabidea. Horrez gain, gaitzaren kudeaketa ikusi ondoren otutako galdera mamitsua mahaigaineratu du: "Zenbateraino oinarritzen da zientzian daukagun osasun sistema, eta zenbateraino bestelako interesetan?".


Kontraesanak

Ziurgabetasunez betetako asteei begira jarrita, agintariak seinalatu dituzte bi adituek. Galarragak azaldu du zientziari "protagonismo magiko" modukoa eman zaiola. "Erantzunak behar ziren unean bertan, eta zientzia ez da magia, ezagutza sistema bat baizik, eta ez geunden prest honi aurre egiteko. Duela bost mendeko teknika bera erabili dugu". Jendeak zientziagandik espero zuena hein batean ulergarria egiten zaio komunikatzaileari, historikoki zientzialariek arrakastak saldu behar izan dituztelako aurrera egin ahal izateko, baina, izatez, ez du hala funtzionatzen. Agintariak arauak ezartzeko beren "sinesgarritasunaz baliatu" direla ere azaldu du Galarragak, eta arau horietako batzuk zientzian oinarrituta egonagatik, "interes ekonomikoak agerikoak" izan direla; lanerako baimenen kontuarekin, esaterako.

"Pandemiari aurre egiteko duela bost mendeko teknika bera erabili dugu"
Ana Galarraga



"Sarobek bat egin du Galarragaren iritziarekin, eta gaineratu du euskaldun moduan "diskriminatua" eta herritar moduan "umetua" sentiarazi dutela agintariek. "Madrilen eta Espainian zer gertatzen zen une oro jakin dugu, baina Iparraldearen berririk ez dugu izan. Zer ari da gertatzen beste euskaldunekin? ez dugu aukerarik izan hori jakiteko. Ikaragarria izan da". Bizitakoen ostean, Euskal Herriaren autonomia eta kogobernantza kontuak "ahuntzaren gauerdiko eztula" direla argi geratu zaio Saroberi. 

Bestalde, gogor kritikatu du biologoak kazetariek egindako lana. "Umeak bezala tratatu gaituzte". Datuen dantza eta EHUko testekin gertatutakoa izan ditu ahotan. "Euskal ikerlariek auzolanean lortu dute PCR testak modu errazean baliatzeko modua; denontzat eta denok ordaindutakoa. Oraindik ez dut ulertzen zergatik ez den baliatu hori. Ez dut ulertzen, ez zaigulako azaldu. Gutxietsi egin gaituzte". Galarragak salatu du "zentsuratu" egin dituztela EHUko ikerlariak, ezin baitzuten beren lanaren inguruko azalpenik eman, kazetariek haiengana jo izan dutenean. "Hori benetan larria da".

Koherentzia falta nabarmena ikusi du Sarobek ekologia ikuspuntutik ere. "Gu gentozen larrialdi klimatiko batetik, eta bazirudien gure bizimoduari arreta berezia jarri behar geniola planetan eragindako kalteak gutxitzeko. Sartu gara pandemian, eta atera gara renove planekin, jendeak kotxe gehiago erosteko". Aste batzuk atzera begira jarrita, baimendua zegoen bakarra supermerkatuan kontsumitzera joatea zela ere gogorarazi du biologoak. "Aukera bakarra etxetik ateratzeko, krisi honetara ekarri gaituen kontsumo eredua zen". 


Aurrera begira

Aurrerantzean gertatuko denari dagokionez, ez dira oso baikorrak bi adituak. "Gutxi ikasten dugu", adierazi du Sarobek. Gertatuak "azkar ahazten" dira bere aburuz, eta agintariek "lagundu egiten dute ahazte kolektibo horretan". Gertatutakotik zerbait positiboa nabarmentzekotan, "herri honek erakutsi duen antolatzeko ahalmena" azpimarratuko luke biologoak. Agerian geratutako gabeziei erantzuteko nahia ikusi du herritarrengan.

"Zenbateraino oinarritzen da zientzian gure medikuntza sistema?"
Aitziber Sarobe



"Herriak erakutsi du badagoela antolatzeko gogoa, gaitasuna eta nahia, baina falta zaigu horri erantzungo dion agintaritza". Galarragak ere ez dio zirrikitu handirik utzi baikortasunari. "Gu menpean hartzeko egiturak horren dira indartsuak... alternatiba eraikitzea geratzen da, muga horiek puskatzea, baina, hori nola egin?". 

Feminismotik baikortasun apur bat eraman zuen mahai gainera Iraola moderatzaileak saioa amaitzeko. Azaldu zuen krisiak aldaketarako aukerak ere eskaintzen zituela, eta aukera horiek baliatu daitezkeela herritar bezala ahalduntzeko. "Garrantzitsua da herritarrak ahalduntzea. Egunerokoan hartzen ditugun erabakiei dimentsio politikoa ematea gure erabakia da". Plazaratutako gai korapilotsu guztiei erantzuna ematea posible dela iradokita, leiho bat zabalik dela burutu dute mahai ingurua.