'Plaieroak' plazara

Amaia Urbieta Arruti 2020ko eka. 20a, 13:25
Txapelketako taldeetako jokalariak, atera berri den aldizkaria eskuetan dutela. (Amaia Urbieta Arruti)

Halabeharrez amaitutzat eman duten denboraldiaren balorazio "oso ona" egin dute jokalariek, eta dagoeneko lanean ari dira 2020-2021 denboraldirako dena gertu egon dadin. Herritarrei deia luzatu diete plaieroen bueltako zereginetan laguntzeko.

Amaitu den denboraldiaren balorazio positiboa egin dute plaieroetako antolatzaileek. Harrera "oso ona" izan dute berriki martxan jarritako egitasmoek: Plaiero-potea, logo lehiaketa, Play-eruak txapelketa, Maria Jauregi izendapena eta abar. Beti izaten da zer hobetu ordea, eta horien artean, nabarmendu dute senior gizonezkoen materiala zaharkituta dagoela eta epaileen kudeaketan badela zer hobetu. Dena den, azken puntu horretan ere aurrerapausoak eman direla azaldu dute. Jakitera eman dute txapelketaren inguruko kritikak edo iradokizunak jasotzeko prest jarraitzen dutela antolatzaileek. Horiek antolakuntza@playeruak.eus helbide elektronikora bidali behar dira.

'Plaieroak' aldizkaria

Denboraldia nahi bezala amaitu ez bada ere, bukaera borobila eman nahi izan diote antolatzaileek, 'Plaieroak' aldizkaria plazaratuta. Askotariko edukiz osatu dute lehen alea: txapelketen izendapenen atzean daudenen biografiak, emakumezkoen txapelketaren sortzaileei elkarrizketa, antolatzaile ohiei elkarrizketa, Play-eruak... Jokalari guztiei banatu diete aldizkaria, beraz, haiengana jota erosi ahal izango da, bi euroren truke. Horrez gain, Urkia dendan eta HITZAren egoitzan ere izango da erosteko aukera.

Aurrera begira

Jokalari-poltsari bultzada ematea izango da datozen hilabeteetan izango duten zeregin garrantzitsuenetakoa. Iaz "emaitza bikaina" eman zuen egitasmoak, poltsan izena emandako jokalariekin talde bat osatu baitzuten. Jakinarazi dute gaurtik aurrera jokalarien poltsan izena eman daitekeela. Helburua garbia da: "Nahi duen orok plaieroetan jokatzeko aukera izatea. Hori horrela, jokatu nahi duen inor badago talderik topatzen ez duena, edo lagun talde bat biltzea lortuta ere taldea osatzeko nahikoak ez bazarete, idatzi jokalaripoltsa@playeruak.eus helbidera eta gure esku dagoen guztia egingo dugu", adierazi dute.

Bestalde, aurten martxan jarritako guztiari datorren denboraldian ere eustea dute xede plaieroetako antolatzaileek. "Horixe da bai herriari, bai txapelketari eta bai jokalariei zor dieguna". Forma eman nahi dieten hainbat ideia berri ere badituztela azaldu dute, baina, lan hori guztia egin ahal izateko, boluntario berrien beharra dauka taldeak. Sare sozialen bidez zereginen zerrenda zehatza zabalduko dute, eta horietakoren batean herritarren batek lagundu nahiko balu, antolatzaileekin harremanetan nola jarri ere azalduko dute. "Esperientzia bikaina izan da aurtengoa, beraz, ea datorren denboraldirako lantalde indarberritua lortzen dugun!"

Amaitzeko, eskerrak eman dizkiete igaro den denboraldi berezian bidelagun izan dituzten guztiei: Zarautz Kirol Elkartea, babesleak, Plaiero-poteko tabernariak, kazetariak eta, nola ez, txapelketan parte hartu duten talde, jokalari eta zaletuak.