Irune Urbieta: “Euskara, gure nortasunaren adierazgarri ez ezik, kalitatezko zerbitzuaren adierazgarri da”

Uema 2020ko eka. 27a, 10:00

Irune Urbieta Alberdi (Zarautz, 1976) irakaslea da lanbidez, eta gaur egun Euskara, Kultura eta Hezkuntza zinegotzia Zarauzko Udalean. Uemaren zuzendaritza batzordeko kidea ere bada. Beraz, ederki ezagutzen ditu Bertatik Bertara kanpainari buruzkoak, eta badaki zer-nolako garrantzia duen Zarautz bezalako herri turistiko batean. Biztanle gehien dituen Uemako herria da Zarautz, eta udan ez ezik milaka bisitari hartzen ditu urte osoan ere. 

Zergatik hartu du parte Zarautzek Bertatik Bertara kanpainan?

Zarautz 23.000 biztanle dituen herri euskalduna da, %74 gara euskaldunak Zarautzen, eta beste %11 gai da euskara ulertzeko. Baina herri turistikoa ere bada Zarautz. Turismoa tradizio handiko jarduera ekonomikoa da gure herrian, ostatuak, taberna eta jatetxeak, dendak ugari dira… zerbitzu sektoreak garrantzi handia du.

Nola uztartu bi ezaugarri hauek? Nola erakutsi bisitariari herri euskaldun batera etorri dela? Nola kontzientziatu herritarrak eta zerbitzu sektoreko eragileak euskarak balio erantsia duela? Beti galdera hauek darabiltzagu buruan…

Kanpaina honek bertakoa jartzen du balioan, eta bertakoak geu gara, geure hizkuntzarekin, geure arnasarekin, gure produktuekin, gure ohitura, tradizio eta gaur gaurko kultur adierazpenekin… Erabat ados gaude proposamenarekin. Kanpokoari nor garen erakustea balioan jartzen du kanpainak, baina ez hori bakarrik, geuri ere zer pentsatua ematen digu, eta hausnarketa hori egitea behar-beharrezkoa zaigu, euskararen garrantziaz jabetzeko.

Kanpotik hainbeste bisitari jasotzen dituen herri bat behartuta dago bere nortasuna zaintzera eta babestera. Erakundeek, elkarte zein norbanakoek, mota guztietako eragileek zaindu izan dute hori urteetan zehar. Zarauzko gizarte antolatuak (kirol eta kultur elkarteak, mota guztietako eragileak, ikastetxeak…), euskaraz bizitzeko ahalegina egiten du neurri handi batean. Indar handiagoa jarri behar dugu, ordea, kanpotarrei begira dauden sektore ekonomikoen artean. Horiek euskara eta euskal kultura ‘bertako berezitasun edo espezialitate’ gisa ikusaraztea litzateke gure helburua. Zeren guk garbi dugu: Zarautz ez litzateke Zarautz euskararik gabe.

Zarautzen, zehazki, Erosi Zarautzen 2020 bono programa abiarazi duzue. Bi kanpainak zeharo bateragarriak dira, ezta? Tokian tokiko merkataritza eta ekonomia aldarrikatzen dute…

Bai horixe, tokian tokiko merkataritza eta ekonomia babesteak eta sustatzeak berebiziko garrantzia du une honetan. Eta ekonomia suspertzeak eta euskara sustatzeak ez lukete elkarren artean talkarik egin beharko. Lehen ere esan dut, guk ez dugu ulertzen Zarautz euskararik gabe, eta batzuetan zaila badirudi ere sektore ekonomiko guztietara eraman beharko genuke euskara, gure nortasunaren adierazgarri ez ezik kalitatezko zerbitzuaren adierazgarri baita.

Bonoen egitasmoa oso sinplea da, baina uste dugu eragin handia izan dezakeela gure dendarien artean. Guztira, Zarauzko Udalak 90.000 euroko inbertsioa burutuko du, 30 euroko balioa duten 9.000 bonuetan. Bonuak saltoki bakoitzak emango dizkie zuzenean erosleei, 30 euroko erosketa minimoa egiten dutenean; hala, erosleak 20 euro ordainduko ditu eta udalak beste 10 euroak.

Murkil dendari elkartearekin elkarlanean antolatu dugun egitasmoaren eragin ekonomikoa, 270.000 euro ingurukoa izango da gure herriko zerbitzu eta merkataritzarentzat. Ekintza hau bi zatitan banatzeko erabakia hartu dugu, ziur baikaude programa hau udazkenean oso lagungarria izango dela kontsumoa berriz aktibatzeko. Alarma egoeran ateak itxi behar izan dituzten dendak, edo 2019 urtearekin alderatuta %40a baino gehiagoko galerak izan dituzten Zarauzko zerbitzu eta merkataritza establezimenduek izango dute aukera kanpaina honetara atxikitzeko.

Elkarrizketa osorik irakurtzeko: Uema.eus