Miren Aranguren: «Bizitzak lehenesteko plana eskatuko diogu»

Maider Galardi F. Agirre - Berria 2020ko eka. 26a, 14:13

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen atarian, Berria egunkaria Zer eskatuko zenioke lehendakariari? galdera egiten ari da hainbat eragileri. Gaurko alean Bilgune Feministako kide Miren Arangurenek erantzun du.

"COVID-19aren harira sortutako krisiarekin, argi geratu da jokoan dagoena bizitza dela: osasun eta zaintza sistema indartsurik gabe ez dago bizitza duinik. Bizitza zaurgarria da, eta ezinbestean zaindu beharrekoa.

Horrenbestez, funtsezkoa da bizitzak erdigunean jartzeko eta, ondorioz, beste jendarte eredu bat egikaritzeko, zaintza ereduaz hausnartzea. Pertsonen artekoak zein gizakiok naturarekin dugun harremanak errespetuan eta elkarrekikotasunean oinarritzeko, eredua definitzen eta materialitzatzen hasi behar dugu. Ezin dugu emakumeen bizkar utzi bizitza eusteko ardura, historikoki egin den bezalaxe.

Elkarbizitza nola berrantolatuko dugun adostu eta hori ahalbidetzeko beharrezko proposamenak egin eta sustatu behar dira erakunde publikoetatik. Hiru gako daude norabide horretan: lehen gakoa da bizitzaren zaurgarritasunaren eta elkarmenpekotasunaren ideia. Menpekotasuna da izakiok dugun ezaugarri komuna, etengabeko hartu-emanean bizi behar dugu. Derrigorrezkoa da guztiok zaintzea, elkar zaintzea.

Bigarrena da, bizitza guztiek balio berdina dutela. Batzuk ez dute beste batzuk baino gehiago balio, nahiz eta jendarte antolaketa honek gutxi batzuk bakarrik pribilegiatu (gizonak, zuriak, burgesak, heterosexualak, helduak eta funtzionalki normatiboak). Hirugarren gakoa honako hau da: ezinbestean begiratu behar diogu bizitza zaintzeko lanaren antolaketari. Hori gainditzeko, zaintza lanen atzean dauden harreman sozial, ekonomiko, instituzional eta sinbolikoak demokratizazio prozesuan jarri behar ditugu.

Lehendakari berriari bizitzak lehenesteko plana egitea eskatzen diogu. Bide horretan, ikusten ditugun egiteko nagusiak dira herritarrak eta komunitateak indartzeko baliabideak eskaintzea, zaintzari aitortza politikoa ematea, zaintza lanak birbanatzeko ekinbideak martxan jartzea eta zaintzaileen bizi-baldintzak duintzeko apustua egitea. Mugimendu feministako kideok elkarlan horretarako prest izango gara".