Herriko 30 taberna eta jatetxek egin dute bat Bertatik Bertara kanpainarekin

Aritz Mutiozabal 2020ko uzt. 7a, 16:48

Gure herria, gure hizkuntza eta gure produktuak kanpainaren barruan, 10.000 mahai gaineko banatu ditu Zarauzko Udalak herriko ostalarien artean.

Zarauzko Udala atzo hasi zen Uemak eta biek elkarlanean abiarazitako Bertatik Bertara kanpainako materiala eta mahai gainekoak banatzen, kanpainarekin bat egin duten herriko tabernetan eta jatetxeetan. Dagoeneko 10.000 mahai gaineko banatu ditu udalak, Gure herria, gure hizkuntza eta gure produktuak aldarrikatzeko kanpainaren baitan, udalerri euskaldunek beren baitan biltzen duten aberastasuna ikusarazteko eta herritarrak zein bisitariek kontzientziatzeko. Dena dela, beste 5.000 mahai gaineko erreserbatu ditu bigarren banaketa baterako.

Herritarrak eta zerbitzu sektoreko eragileak horren inguruan kontzientziatzea da Bertatik Bertara kanpainaren helburuetako bat. Zarautzi dagokionez, oraingoz herriko 30 taberna eta jatetxek egin dute bat kanpainarekin, baina gainerakoak oraindik eskaera egiteko. Kanpainan parte hartu nahi idutenek  Euskara zerbitzuarekin harremanetan jarri behar dute, euskaraz@zarautz.eus helbidera idatzita edo 943-00 51 16 telefono zenbakira deituta.

Irune Urbieta Euskara, Kultura eta Hezkuntza zinegotziaren hitzetan, “kanpaina honek bertakoa jartzen du balioan, eta bertakoak geu gara, geure hizkuntzarekin, geure arnasarekin, gure produktuekin, gure ohitura, tradizio eta gaur gaurko kultur adierazpenekin. Kanpokoari nor garen erakustea balioan jartzen du kanpainak, baina ez hori bakarrik, geuri ere zer pentsatua ematen digu, eta hausnarketa hori egitea behar-beharrezkoa zaigu, euskararen garrantziaz jabetzeko”.