Gutuna: Haur eta gazteen eskubideEZ

Eneko Solaberrieta Mendez 2020ko uzt. 8a, 11:51

Orokieta herri eskolako patioan egitekoak ziren gune berde eta jolas parke berria izan ditu hizpide Eneko Solaberrieta Mendez herritarrak Zarauzkohitza.eus-i igorritako idazkian.

Idatzi honen bitartez Orokieta herri eskolako kanpo espazioan udalak hitzemandako obra bat bertan behera utzi izana salatu nahi dugu. Izan ere momentu honetan martxan egon behar luke patioa eraldatzeko obrak, eta udalak proiektua eta diru partida onartu bazituen ere, aurten ez duela egingo jakinarazi digu duela gutxi, erabaki honen aurrean desadostasuna adierazi nahi dugu. Desadostasuna eta haserrea!

Gaian kokatzeko, kanpo espazio honetan asfaltoa eta kirol pistak dira nagusi, eta obrak gune berde eta jolaserako txoko desberdinak eraikitzea du helburu. Esan beharra dugu aldaketa honen beharra aspaldi identifikatu genuela eskolako zenbait ikasle, irakasle nahiz gurasok. Konfinamendu garaiak gainera, gauza asko azaleratu dizkigu, eta askok
sentitu dugu naturarekin kontaktua izatearen garrantzia, baita haur eta gazteen funtsezko beharrak eta eskubideak zein planotan geratu diren erabaki politikoen ondorioz.

Duela urte batzuetatik, zenbait guraso Zarauzko udalarekin harremanetan egon izan gara haurren eskubideen aldarria eginaz eta haurren beharrei egokitutako kalitatezko espazio eta azpiegiturak eskatuz. Udaleko arduradunek egoera ikusi arren, ez dute arduraz jokatu, ezta gaia oinarritik landu ere. Ekintza puntualetan zentratu dira, esaterako urtean behin haur eta gazteen eguneko puzgarriak eta ekintzak antolatuz. Honekin batera, udalean eginiko bileretan beste parke eredu bat eskatu izan zaie, herri guztian zehar dauden parke estrukturatuen ordez (gehienbat jolas zehatz edo bideratuetara mugatzen direnak), natur elementuak dituzten (hondar, soka, enbor, besteak beste) eta aukera askoz zabalagoa ematen duten espazioen aldeko hautua egiteko. Izan ere azken hauek haurra edo gaztea bere osotasunean eta modu integral batean garatzea ahalbidetzen dute. Oraindik ez dute gure eskaera kontuan hartu...

Azkenik, aipatu nahi dugu Orokietako eskola publikoari kanpo espazio duin eta anitz bat eskaintzea Zarauzko haur eta gazte guztientzat onuragarria dela, izan ere, eskola orduz kanpo zarauztar guztiei irekita egongo den espazio bat izango baita.

Garaia da behingoz haur eta gazteak erdigunean jartzeko, hauen eskubide eta beharrizanak kontuan hartuz eta herriaren egitura fisikoa euren errealitatera egokituz. Haur eta gazteak dira etorkizuneko mundua eraikiko dutenak, zain ditzagun gaurko haziak, errotik, etorkizun oparo eta osasuntsu bat loratuko denaren esperantzaz...