Gaizka Garmendia: "Udan zehar hobetzen joatea da gure asmoa, eta espero dugu larunbatekoa bezalako emaitza gehiago lortzea"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko uzt. 14a, 12:36

Asteburuan egindako estropadez balorazioa egin du Zarautz Babyautoko patroiak, eta Aitzol Garrok patroi onenaren saria irabazi izanaz ere mintzatu da.

Zarautz Babyautoko patroiak asteburuko lanaren balorazioa egin du. «Galizian ezinean ibili ginen, eta Donostiako estropadan erakutsi genuen azkar ibiltzeko gai garela, gure arraunketari eusten badiogu». Bere ustez, liga «nahiko gorabeheratsua» izango da, eta borroka horretan uste du lehia estua izango dutela Ares, Ondarroa eta Kaikurekin. «Batzuetan guk hartuko ditugu mendean, eta besteetan, beraiek sailkatuko dira gure aurretik. Dena dela, udan zehar hobetzen joatea da gure asmoa, eta espero dugu larunbatekoa bezalako emaitza gehiago lortzea».

Patroi onenaren saria Garrori


Talde mailan lan ona egiteaz gain, patroi onenaren saria jaso zuen Zarautz Babyautoko gidari Aitzol Garrok, larunbateko estropadan egindako lanagatik. Itsaso nahasia izan zen Donostian, eta lan handia egin behar izan zuten patroiek poparean, ontziak zuzen mantentzeko.

Zarauztar gazteak jakin zuen traineruari zuzen eusten eta korrontearen eta olatuen indarrari aurre egiten, baina pare bat aldiz ontziak alde egin zion, azken luzean batez ere, eta norabidea berreskuratzen segundo batzuk galdu zituen. 

Garmendia «pozik» dago Garrok patroi onenaren saria jaso zuelako: «Ez zen estropada erraza izan harentzat, haizea eta olatua ababorretik zetozelako eta horrek zaildu egiten duelako patroiaren lana. Oreka mantentzeko eta norabideari eusteko arazoak izan zituzten beste hainbat talde indartsuk ere». Arraunlari beteranoak uste du sariak konfiantza hartzeko balioko diola patroi gazteari, «ziabogak hartzen iaioa» baita.