03:00etarako itxi beharko dira tabernak

Amaia Urbieta Arruti 2020ko uzt. 15a, 12:13
Udal Gobernuko ordezkariak, udalbatzar aretoan. (Amaia Urbieta Arruti)

Azken egunetan zenbait ostalaritza establezimendutan izandako jende pilaketak direla eta, ordutegiak murriztea eta edukiera kontrolak zorroztea erabaki du udalak.

Udal Gobernua "kezkatuta" agertu da azken egunetan hainbat tabernatan "jarrera desegokiak" izan direlako une zehatz batzuetan. "Batzuek oso egoki betetzen dituzte beren betebeharrak, oso modu profesionalean, baina beste batzuei egoerak esku artetik ihes egin izan die", azaldu du Xabier Txurruka alkateak gaur emandako prentsaurrekoan. Jarrera desegoki horrek egungo egoeran "arrisku handia" ekar dezakeela ikusita, udalak erabaki du tabernen ordutegia beranduenez 03:00etara murriztea. Asteburu honetatik aurrera, 03:00etarako itxita egongo dira Zarauzko taberna guztiak. Alkateak jakitera eman duenez, behin ostalariekin egoera aztertuta, tabernetako ordezkariek "eskertu" egin diete neurria hartu izana.

Aurrerantzean, hirugarren eta laugarren kategoriako ostalaritza lokalek 02:00ak eta 03:00ak bitartean itxi beharko dute taberna, egunero. Bigarren kategoriakoek, berriz, ostiraletan eta jaiegun bezperatan 02:30ean itxi beharko dute. Orain arte, ostiral eta jaiegun bezperatan 04:30 arte egon zitezkeen zabalik hirugarren kategoriako establezimenduak, eta, 06:30 arte laugarren kategoriakoak. Txurrukak azaldu du "deigarria" gerta zitekeela Zarautz kanpotik festa egitera etortzeko tabernek zituzten ordutegiengatik, baina, neurri honekin, joera hori moztu nahi dute. Arau berriak errespetatzen direla zaintzeaz arduratuko dira Herrizaintza Saila, Ertzaintza eta Zarauzko Udala.

Edukierarekin ere zorrotz jokatzeko asmoa dutela iragarri du Txurrukak. Establezimenduek ezingo diote ezer zerbitzatu edukierak zehazten duen jende kopuruari baino gehiagori. Alkateak zehaztu du edukiera lokalaren barruan egon daitekeen jendeak eta terrazan egon daitekeenak osatzen dutela. "Izan ere, ikusi ditugu jende pilaketak hainbat gunetan, tabernatik kanpo eta terrazatik kanpo. Norbaitek zerbitzatzen badu ezer terrazaren eta lokalaren edukiera beteta daudenean, ostalariaren ardura izango da eta udalak neurriak hartuko ditu horren inguruan aurrerantzean". Zigorrak isunak izango direla aurreratu du, baina, arau hausteak errepikatzen badira, "bestelako neurriak" ere hartuko dituztela iragarri du. Gaineratu du "kontrolak" jarriko dituztela arauak betetzen direla ziurtatzeko.

Udala jakitun da osasun agintariak gaia aztertzen ari direla egunotan gertatzen ari diren kasu berrien harira, eta litekeena da aurrerantzean ordutegien eta edukieraren inguruko beste neurri batzuk hartu behar izatea, Eusko Jaurlaritzak hala aginduta. "Guk, momentuz, arau hauek ezarriko ditugu asteburu honetan bertan. Eusko Jaurlaritzatik beste neurri murriztaileagoak badatoz, noski, haiek beteko ditugu", azaldu du alkateak.

Hondartzaren erabilerarekin gustura

Hilabete igaro da Zarautzen hondartza denboraldia martxan jarri zenetik. Modu berezian, hainbat neurri eta araurekin hasi da aurtengo uda, eta udalak lehen hilabetearen balorazio "nahiko positiboa" egin du. "Jendeak sarrerak errespetatzen ditu, eta hondartza ixteak bermatzen du segurtasuna COVID-19aren aurrean".

Hondartzara begira baino, bestelako aisialdi guneetara begira jarri da azken egunetan udala, baita zarauztarrak ere. "Jakin badakigu herritarrak kezkatuta daudela, udala ere hala dago eta horren aurrean arduraz jokatu behar dugu. Eskatu nahi diet zarauztarrei benetan kontziente izateko egoeraz. Maskara jantzita eraman behar dugu eta distantziak mantendu. Udaz gozatzea posible da neurri horiek errespetatuta", azaldu du Gloria Vazquez udal gobernukide eta zinegotziak.

Sareetako informazioa

Vazquezek azpimarratu du informazio faltsu asko ari dela zabaltzen sareetan, "egokia ez den moduan". Horren aurrean, ezer zabaldu aurretik, iturri ofizialetara jotzea eskatu die herritarrei. "Osakidetzak egunero plazaratzen ditu bere datuak, hor ikusten da herri bakoitzean zenbat positibo egon diren. Mesedez, jo iturri ofizialetara, eta mezu bat elkarbanatu baino lehen ziurtatu egia den ala ez". Gaineratu du zabaltzen diren gezur horiek "beldur handia" sortzen dutela, eta hori ez dela komenigarria.