PCR proba masiboak egiten hasiko dira bihar

Amaia Urbieta Arruti 2020ko uzt. 16a, 18:52

Anbulatorioaren atzealdea prestatuko dute probak bertan egiteko. Testa egin behar dutenek aurrez hitzordua hartu beharko dute, osasun zentrora deituta.

Zarautzen uztailaren 8 eta 12 bitartean ikasturte amaierarekin lotutako ospakizunen batean izan zirenei momentuz etxean geratzeko eskatu die Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur ateratako oharrean. Gainera, arrisku taldeetako pertsonekin harremana izatea saihesteko gomendatu die, eta beren osasun zentrora deitzeko, PCR proba egin dezaten. Dagoeneko asko dira proba egiteko eskatu duten zarauztarrak, nahiz eta zifra zehatzik ez duten eman jakitera.

Xabier Txurruka alkateak prentsari adierazpenak egin dizkio duela gutxi, eta azaldu du anbulatorioaren atzealdea prestatuko dutela proba guztiak egin ahal izateko. Aurrez txanda hartzea beharrezkoa izango da, eta bihar goizean bertan hasiko dira PCR testak egiten kasu positibo berriekin harremana izan duten herritarrei. Alkateak azaldu du «harritu» egin dituela, zehazki, aurreko asteazkenean Zarautzera festa egitera hurbildutako jende kopuru handiak. Uste dute lotura izan dezakeela pilaketa horrek unibertsitateko hautaprobaren amaierarekin. Iragan asteburuan eta aurreko egunetan festa giroa izan da herriko tabernetan, eta alkatearen arabera, tabernetako langileei ere egingo dizkiete probak. Zenbait tabernak emaitzak izan arte ateak ixtea ere erabaki dutela gaineratu du Txurrukak.

Probak modu masiboan egiteaz gain, neurri bereziak hartuko dituzte ostalaritzan Zarautzen, atzo udalak iragarri zituenak baino murriztaileagoak. Bihartik aurrera, tabernetan edukieraren erdia soilik sartu ahalko da, 23:30erako itxi beharko dituzte ostalaritza gune guztiak eta ezingo dute barran zerbitzatu. Neurriak eragina izango du elkarte gastronomikoetan ere.

Hemen daude entzungai alkateak egin berri dituen adierazpenak: