Gutuna: Gezurra ari du, Barruso jauna

Zarauzko hitza 2020ko uzt. 17a, 10:07

Getariako Politena tabernako langile batek positibo eman zuen, eta haren senitartekoa da Zigor Saizar. Komunikabide batzuek eta administrazioak izandako jokaera salatu ditu Zarauzko Hitzara igorritako gutunean.

Gezurra ari du, Barruso jauna

Gezurra ari du Barruso jauna, gezurra ari du ETB, gezurra ari du Diario Vasco… Gorka Urbizuren abestiak dioen bezala, gezurra ari du Euzkadin. Getarian gertatu den Covid kutsatze-sarea ez zen Madrilen hasi (oraindik ETB-ko albistegietan horrela esaten ari diren arren). Politenako langilea Madrilgoa da, bai, baina Madrilen ez da izan ekainaren 25az geroztik. Beraz, Barruso jauna, zuk zuzentzen duzun Osakidetzako medikuek ziurtatu zuten langile hau ez zela Madrilen kutsatu, gutxienez 17 egun pasa zirelako han egon zenetik. Horrenbestez, zertara dator langilearen bizkar kutsatzearen ardura jartzea? Zergatik nahi da dena kontrolpean dagoenaren itxura eman, Euzkadin dena ondo egiten dugunaren iruditeria sortu eta kasu honen sorburua Madrilen kokatu, argi eta garbi dakizuenean ez dela horrela izan? Noski, ziurtasunik ez duzue non eta nola kutsatu zen, ez berak eta ez beste inork ere. Erraza da, ordea, madrildarra den langilea diana erdian jartzea.

Ostalaritzako langileek neurri guzti-guztiak fin-fin hartu arren, gainezka eginda daude turismoari barra librea eman diozuelako. Ez dadila produkzioa geratu, etorri Euzkadira, kontsumitu hemen, dena kontrolpean daukagu, onenak gara, estatu osoko osasun zerbitzurik onena dugu, hezkuntza bikaina, punta-puntako industria…

Eta, bitartean, gezurrak esaten ari zarete. Hauteskundeak pasa dira, lortu duzue nahi zenutena eta orain gezurra ari du abestiak dioen bezala, ederra zen okertzen hasi arte, aske zena lotu zuten…. Aske ginen eta lotu gaituzue gezurren bidez.

Osakidetzan langile mundialak ditugu, bai egia da, eta miresmenez txalotzen ditut, baina hauek kudeatzen dituzten arduradun politikoek sinesgarritasun guztia galdu dute.